Guardia Zibilak dio agente bat "arin zauritu" dutela Altsasun

Euskalerria Irratia 2020ko ots. 7a, 11:58
Guardia ZIbila ALtsasun, artxiboko irudi batean
  • Espainiako eskuin muturreko zenbait hedabide gertaturikoa "lintxamendu" bat zela zabaltzen ari ziren.
  • Institutu armatuak pertsona baten aurkako eginbideak bideratu ditu, agintaritzaren aurkako atentatu-delitua egotzita
  • Covitek erasoa arbuiatu du,  eta alderdi guztiei gaitzespena exijitu die.

Guardia Zibilaren arabera, agente batek eraso "arin" bat jasan du Altsasun, beste agente batekin batera kale batean ustez edukiontziak gurutzatu zituzten lau pertsona identifikatzen saiatzen ari zen bitartean. Gertakariok Santa Ageda bezperako ospakizunen ingurumarian jazo ei ziren.

Eskuin muturretik gertuko ildo editoriala duten zenbait hedabidek erasoa jendetsua eta larria izan zela zabaldu dute. Lintxamendu hitza ere erabili dute egoera definitzeko. Haatik, Guardia Zibileko iturriek La Vanguardia egunkariari azaldu diotenez, "ez zen hainbesteko alarmarik izan, eta ezin da lintxamendu saiakeraz hitz egin". Agenteetako batek ostiko bat jaso zuen atzetik eta lurrera erori zen. Horren ondorioz, "urradura arinak" pairatu zituen. Besterik ez.

Identifikatutako lau pertsonak Herritarren Babeserako eta Segurtasunerako lege organikoaren arabera salatuko dituzte. Era berean, Guardia Zibila izapideak egiten ari da agintaritzaren agentearen aurkako atentatuaren ustezko delituagatik, eta horren berri emango zaio epaitegi eskudunari, agenteari ustez eraso egin zion identifikatutako pertsonaren aurka.

Gertakaria aste honetan jazo ei zen, asteazkenetik ostegunera bitarteko gauean. Guardia Zibilaren bertsioaren arabera, goizeko seiak pasatxo zirela, Garcia Ximenez kalean pertsona talde bat edukiontziak gurutzatzen ari zela, eta une batez kaleko zirkulazioa moztuta geratu zela bi noranzkoetan jakinarazi zieten agenteei.

Guardia Zibilak azaldu duenez, guztira, beirazko bi edukiontzi eta materia organikoko lau gehiago mugitu zituzten kale erdian jarrita eta botata zeuden lekutik. Betiere institutu armatuaren bertsioaren arabera, Guardia Zibilaren patruilak bertaratu ziren, eta lau pertsona identifikatu zituzten; eta identifikazio horiek egiten ari zirela, agenteetako bati eraso arin bat egin zioten, osasun-langileek artatu behar izan zuten eta osteguneko eguerdiko hamabietan zerbitzurako baja eman zioten. Altsasuko Guardia Zibilaren eta Foruzaingoaren laguntza eskatu zuten.

Nafarroako Gobernuak “diskrezioa” eskatu du

"Goiz da zer gertatu zen ziurtatzeko" Javier Remirez presidenteorde eta Presidentetza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne kontseilariak "diskrezioa" eskatu du, eta Altsasun Santa Ageda egunean zer gertatu zen ziurtatzeko "goiz" dela adierazi du.

Foruzaingoa eta Guardia Zibila egiten ari diren ikerketen zain egotera deitu du. Halaber, "edozein motatako erasoak" arbuiatu ditu, eta, aldi berean, "Altsasun eta gizarte osoan elkarbizitzarako deia" egin du.

Remirezek orain arte jaso duen informazioaren berri eman du: "Alkohol kontsumo egoerak nahastuta, edukiontzi batzuen bidegurutzearekin gatazka egoera sortu zen". Horren ostean, "identifikazio batzuk eta iskanbila txiki bat" izan zirela adierazi du.

Guardia Zibilari egindako ustezko segada edo lintxamendu bati buruz galdetuta, "gertatu zenerako adjektiboak jartzeko goiz" dela erantzun du, eta "oraindik ikerketapean" dagoela adierazi du; beraz, segurtasun indarrak “egiten ari diren lanari konfiantza" ematera deitu du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!