Mendigorriko familien eskaeraren aurrean legea beteko duela esan du Carlos Gimenok

Euskalerria Irratia 2020ko ots. 6a, 14:07

Hezkuntza kontseilaria Nafarroako ikastetxe publikoak ordenatzen dituen foru aginduan eta eskola mapan oinarritu da esateko eskaerari jaramon egingo diotela, baina “araudia beteko dutela”. Foru aginduaren arabera, Mendigorriko kasuan, erreferentziazko zentroa Gares dela esan du. 

Nafarroako Parlamentuaren osoko bilkuran EH Bilduko Bakartxo Ruizek Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariari galdetu dio ea zer asmo duen haurrak Mendigorrian D ereduan matrikulatu nahi dituzten gurasoen eskaeraren aurrean. Gimeno Nafarroako ikastetxe publikoak ordenatzen dituen foru aginduan eta eskola mapan oinarritu da, esateko eskaera horri jaramon egingo diotela, baina betiere, “araudia beteko dutela”; alegia, euskarazko lerroa zabalduko dutela soilik foru agindu horretan ezartzen diren ratioak betez gero.

“Mendigorriaren kasuan, foru dekretuak markatzen duena da bere erreferentziazko zentroa Gares dela", esan du kontseilariak. Hortaz, berretsi du seme-alabak D ereduan matrikulatu nahi dituzten Mendigorriko familiek Garesen egin behar dutela. Hala ere, zehaztu duenez, "horrek ez du baztertzen legea eskaera sozialarekin uztartzea”, eta beraz, matrikulazio kanpainan biltzen ziren datuak aztertuko dituztela esan du.

Ruizek, berriz, erantzun dio Euskararen Legea foru agindu horren eta eskola maparen gainetik dagoela, eta legearen 2015eko aldaketek planteatzen dutela euskararen irakaskuntza pixkanaka Nafarroa osoan sustatu behar dela. Ondorioz, halako kasuetan “malgutasunez” jokatu beharra dagoela nabarmendu du, batik bat landa eremuko eskola txikien itxiera ekidin nahi badute.

Era berean, gogorarazi dio gobernuaren akordio programatikoan, besteak beste, gertuko eskolaren aldeko apustua eta landa eremuko eskolei bultzada emateko konpromisoa zehazturik daudela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!