Mendigorriko gurasoak: “30 urteren ostean berriz ere euskaraz ikasteko eskubidea borrokatu behar dugu”

Euskalerria Irratia 2020ko ots. 6a, 08:03

Harrituta eta etsituta azaldu dira prentsaurrekoan Mendigorriko eskolako gurasoak. Hainbat urteren borroka eta eskakizunen ostean, 2015ean euskarazko eredua ezarri zen herrian. Orain atzera pausua dator Hezkuntza Departamentutik eta ez die beren seme alabak euskaraz matrikulatzen utzi. “Gehienok ezin izan genuen herrian euskaraz ikasi, gure gurasoek lan handia egin zuten D eredua Mendigorrira ekartzeko. Orain berdina egitea tokatzen zaigu guri ere” adierazi dute.

Zur eta lur geratu ziren pasa den astelehenean Mendigorriko gurasoak, matrikulazio epea irekita, beren seme alabak herrian euskaraz izen emateko aukerarik ez zutela ikusita. “Azaroan harremanetan hasi ginenean, irekiaren aurkako arrazoirik ikusten ez zituztela esan ziguten. Urtarrilan berriz kontrako erantzuna jaso genuen, are gehiago, aurre-matrikula egiteko orduan, argibide kontraesankorrak eman zizkiguten eskaera itxuragabetzen saiatuz eta Gareseko zentroa erreferentzi-zentro bezala aukeratzen ez bagenuen, jantokia eta garraioaren dirulaguntza kenduko zizkigutela esan ziguten” azaldu dute.

2020-2021 ikasturterako, Mendigorrian egingo diren aurre-matrikulen %43 inguru, D eredurako izango dira eta azken urteetakoen antzeko eskaerak dira. “Hurrengo urterako ditugun datuen arabera, euskera nahiko luketen familiek beste ereduetako matrikulak gaindituko lituzkete” adierazi dute gurasoek.

“Gure seme-alabek hizkuntza murgilketa Nafarroako hizkuntza propioetako batean egitea eskatzen dugu. Ez dugu alemana edo beste atzerriko hizkuntza batean ikastea eskatzen. Guretako batzuk ez genuen euskara ikasteko aukerarik izan eta Gareseko euskaltegira joatea erabaki genuen. Beste batzuk lehenetarikoak izan ginen A ereduan ikasgaia bezala ikasten herri hontan. Beste guraso bat barrakoietan ikasi behar izan zuen eta bukatzeko, guretako hiruk, herritik kanpo joan behar izan ginen euskara lerro berri bat irekitzeko”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!