Parte hartu Egunean Behin jokoko Euskalerria Irratiaren taldean

Euskalerria Irratia 2020ko ots. 4a, 14:44

Euskalerria Irratiak Egunean Behin jokoko taldea osatu du. Astelehenean hasi da denboraldi berria, eta martxoaren 29ra arte izango da martxan.

Astelehenean, otsailaren 3arekin, hasi da Egunean Behin jokoaren hirugarren denboraldia. Aurreko bi denboraldietan izugarrizko arrakasta izan du Codesyntax enpresak garatutako jokoak. Hori ikusita Euskalerria Irratiak Iruñerriko taldea osatzea erabaki du. Iruñerriko irratiko komunitateak, beraz, elkarrekin euskaraz jokatzeko aukera izanen du. 

Egunean Behin aplikazioa Google Play edo App Store plataformetatik deskargatu behar da. Aplikazioaren behealdean kokatzen den 'Taldeak' atalean, (+) ikurra zapaldu, giltzari klikatu eta 019434 kodea sartu behar da; Euskalerria Irratia izeneko taldera batzea lortuko du erabiltzaileak. Esteka honen bitartez ere badago batzeko aukerarik.

Zer da Egunean Behin?

Egunean Behin CodeaSyntax enpresa eibartarrak sortutako mugikorreko aplikazio bat da. Tribial estiloko galdera-erantzunen joko euskalduna da eta partaideek aplikazioak proposatutako galderak erantzun behar dituzte. Izenak dioen bezala, egunean behin har daiteke parte. Egunero hamar galdera erantzun behar dira, eta helburua ahalik eta galdera gehien ahal bezain denbora laburrenean ongi erantzutea da.

Igande gauero, astean zehar jokatutako zazpi partidetan onena izan denak, eta beraz puntuazio altuena eskuratu duenak, saria jasotzen du. Astero sari desberdin bat eskaintzen dute. Astelehenetan partaide guztien puntuazioak, berriro ere, zeron jartzen dira eta partida berri bati ematen zaio hasiera. Datu basean “euskaratik eta euskaraz sortutako 50.000 galdera daude” eta gaur egun, 18.000 parte-hartzaile baino gehiago daude.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!