"Guretzat D ereduan ikastea ikasle euskaldun eleaniztunak heztea eta euskaraz bizi eta ikastea da; konfiantzaz, gaitasunak lortuz eta ikasleen bizitza erdigunean jarriz; hurbila, herri eta auzo bizitzan sustraiturik pertsona alai eta kritikoak sortuz”, adierazi dute Sortzeneko kideek. Elkarte horren arabera, lau oinarri behar ditu hezkuntza eredu batek kalitatezkoa izateko: gertuko komunitatetik mundura irekita egotea, sormenerako eta eraldaketarako bitartekoak eskaintzea, aukera berdintasuna oinarri izatea, eta euskara ardatz izatea.
Ikasle euskaldun eleaniztunak heztearen aldeko apustua egiten du Sortzenek, eta horrek murgiltze ereduaren ezarpenerako “plangintza integrala” eskatzen duela azpimarratu dute: “Hori egutegietan epeekin zehaztea, eta baliabide askotarikoak esleitzea administrazioaren aldetik; plangintza integrala, daukagun errealitatetik abiatuz ekiteko lanari, azkar baino etenik gabeko lan iraunkorra eginez, politika aktiboak garatuz desabantaila eta gutxitze egoeran dagoen euskara positiboki sustatuz”.
Nafarroako euskaldunei eremuaren arabera hizkuntza eskubideak aitortzen edo ukatzen zaizkiela nabarmendu dute, ondorioz, baita hezkuntza eskubidea ere; eta legez babestua dagoela euskararen bazterketa egoera. “Ikusiko dugu oraindik orain legez babestua dagoela euskararen bazterketa eta desabantaila egoera hori; hezkuntzak aukera berdintasuna bermatu behar du eta hori ez da posible indarrean den Vascuence lege baztertzaile eta segregatzailearekin”. Horren aurrean, nafar guztiei euskaraz bizi eta ikasteko eskubidea bermatzeko eskatu dute.