Iruñeko espetxeko presoek gutxienez astebete daramate sendagilerik gabe

Euskalerria Irratia 2020ko urt. 31a, 07:46

Iruñeko espetxea

Kartzelako bi medikuek baja hartu dute, eta Espainiako Gobernuaren Espetxe Idazkaritza Nagusiak ez die ordezkorik jarri

Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzaren arabera, bigarren sendagileak duela astebete hartu zuen baja. Sendagile nagusiak lehenagotik hartua zuen. Gauzak horrela, preso batek edozein osasun arazo badu, Nafarroako Ospitale Gunera eramaten omen dute. Egoera horren aitzinean, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak laguntza eskaini dio Expetxe Idazkaritza Nagusiari.

CCOO sindikatuak salatu duenez, Iruñeko kartzelako osasun egoera "erabat onartezinak diren mugetaraino degradatu da, eta beharrezko osasun arreta gabe uzten dituzte preso dauden pertsonak”.

Sindikatuak ohar baten bidez kritikatu duenez, "une honetan ez dago mediku bakar bat ere Iruñeko biztanleria penalaren osasun-laguntzarako eskaera guztia artatuko duenik, larrialdietakoa zein kontsultena, eta hori, jakina, bideraezina eta onartezina da espetxeetako kudeatzaileek eragindako egoera horri aurre egin behar dioten profesionalentzat".

Zentzu horretan, azpimarratu duenez, "ez da legea betetzen ari mediku batek modu esklusiboan ziurtatu behar dituen neurri hertsagarrietan, ezta presoak lekualdatzeari buruz indarrean dagoen legedia ere, irteeran berrikusi eta gehienez 24 ordutan sartu behar baitira".

CCOOk eskatu du "espetxean dauden pertsonen osasunerako eskubidea berma dadila", eta "presazko izaerarekin hura bermatzeko beharrezkoak diren medikuak kontrata daitezela, eta eskainitako baldintzek onartzen duena ez egoteko bezain prekarioak izaten jarraitzen badute, Nafarroako Osasun Zerbitzuarekin premiazko hitzarmen bat ezar dadila, pertsona horiek osasunerako duten oinarrizko eskubidea berma dadin".

Sindikatuak adierazi duenez, "espetxe administrazioa da egoera tamalgarri honen erantzule bakarra, eta, beraz, baita osasun gabeziek presoengan edo espetxeetako langileengan dituzten ondorioena ere, oinarrizko eskubide bati ez erantzuteagatik sor daitezkeen tentsioa eta gatazkak areagotzeagatik".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!