Elkarbizitza lortzeko, ezberdinen arteko elkarrizketa indartzeko premia berretsi dute Foro Sozialak eta Unai Hualdek

Euskalerria Irratia 2020ko urt. 29a, 13:04

Parlamentuko presidentearekin bildu da Foro Soziala, eta elkaribizitza demokratikorako erronken eta aukeren inguruko txosten bat entregatu dio.

Foro Sozial Iraunkorra Unai Hualde parlamentuko presidentearekin bildu da gaur goizean, eta Elkarbizitza demokratikoa Nafarroan. 2019-2023 legegintzaldiko erronkak eta aukerak izeneko dokumentua entregatu diote. Azaroaren 20an eta 26an Hitzorduak zikloaren baitan antolatutako topaketetako materialarekin osatu dute txostena. Topaketa horietan, batetik, Roberto Manrique ETAren biktimaren eta Idoia Zabaltza estatuenaren artean solasaldi bat antolatu zuten parlamentuan; eta bestetik, mahai-inguru bat egin zuten Guillermo Mugica teologoarekin, Vicente Madoz psikiatrarekin eta Camino Oslerekin.

Hualderi ez ezik, parlamentari guztiei eta Maria Txibite presidenteari, Ana Ollo kontseilariari, eta Martin Zabalza Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendariari ere helarazi diete irizpena.

Foro sozialak jakinarazi duenez, Hualderekin egindako bileran berretsi egin dute elkarbizitza demokratikoaren bidean erakunde horren eta gizarte zibilaren arteko lankidetza bultzatzearen beharra. Bide horretan, “premiazkotzat” hartu dute ezberdinen arteko elkarrizketa guneak indartzea, eta alde horretatik, bai Foro Sozialak bai Hualdek, “positibotzat” jo dute azaroan, Hitzorduak zikloaren barruan parlamentuan antolaturiko solasaldia. Aurrerantzean ere biktimen arteko topaketa gehiago antolatzea aurreikusi dute.

Izan ere, datozen urteak bizikidetza demokratikoa lortzeko “gakoak” izango direla uste du Foro Sozialak. “Legealdi honek izan behar du Nafarroan bizikidetza demokratikoa eraikitzea ahalbidetuko duena, eta, horretarako, guztiok, alegia, instituzioek, alderdi politikoek, sindikatuek eta gizarte zibilak, norabide berean lan egin behar dugu”, adierazi du Expe Iriartek.

Azkenik, gizartearen sektore batek bizikidetza demokratikoaren aurka egiten duela ikusteak eragiten dien kezka ere transmititu diote Hualderi. Horren aurrean, konponbide bakarra dagoela nabarmendu dute berriro ere: ezberdinen arteko elkarrizketa guneak indartzea. “Eta egin egingo dugu”, erantsi du Iriartek; “biktima guztien minarekiko erabateko errespetu eta errekonozimendutik, gertatutakoaren irakurketa kritikoa eginez, akatsetatik ikasiz, baina etorkizunari begira”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!