Gutxi geratzen da aurtengo aurre-matrikulazio kanpainarako, otsailaren 3tik 7ra egingo dute, eta D eredu publikoko 70 ikastetxe baino gehiago biltzen dituen NIZE elkarteak Nafarroako lau aurpegi, lau bizimodu, lau errealitate eta D eredu publikoa ulertzeko lau ikuspuntu aurkeztu ditu gurasoei eredu horrekin bat egitera gonbidatzeko.
Nafarroako toki ezberdinetako lau lagun hautatu dituzte, D eredura bide ezberdinetatik heldu direnak: Caparrosoko Cristina Luqui, Berriozarko Kutxi Romero abeslaria, duela urtebetetik Marokotik Iruñera etorri zen Ghezlane Benali eta Lekunberriko Gorka Urbizu abeslaria. Haien istorioak kontatuz, eta euskararen eta D ereduaren inguruko ikuspegia emanez, haurrak eredu horretan matrikula dezatela gonbidatu dituzte gurasoak.
Cristina Luqui irakaslea da lanbidez. Haren seme nagusia izan zen Caparroson D ereduan ikasten hasi zen lehena, eta horrek “emozioz” betetzen du Luqui. Argi dauka eredu horrek eskolatze tarte berean pertsona elebidunak hezten dituen “bakarra” dela. Eredu hori “hizkuntza bat baino gehiago” dela dio, haren semeentzako nahi duen bizimodua dela: “Emozioz beteriko eredua da, ilusioa sortzen duelako, jomugak sortzen dituelako, beste era batera hartuko ez zenukeen bide bat jarraitzera bultzatzen zaituelako”.
Kutxi Romero Mareako abeslariak bere jatorri andaluziarraz hitz egin du, eta Euskal Herrian jaio den haren familiako lehenengoa dela kontatu du. Haren bikotea Leonekoa izanda ere, erdaldunak biak, euren semea D eredu publikoan matrikulatzea erabaki zuten. Oso argi zuten semeak euskaraz ikasiko zuela: “Ez genuen zalantzarik izan”. Orain, familian euskaraz hitz egiten lehena da haren semea. “Horrek emozioz betetzen nau”, adierazi du.
Ghezlani Benali marokiarra da, eta fuela urtebete iritsi zen Iruñera bere familiarekin. D eredu publikoan matrikulatu zituen hiru alabak, euren Tangerreko irakasleak gomendatu bezala. Alabak euskaraz mintzatzeak “berezi” egiten dituela dio, eta hilabete gutxi batzuetan jada euskaraz aritzeko gai direla ikusteak emozioz betetzen duela.
Azkenik, Gorka Urbizuk, Berri Txarrak taldeko abeslariak, D eredu publikoan ikasi zuen, Lekunberriko eskolan, eta bere formazio akademiko guztia euskaraz egin du. Gaur egun elebakar izateak zentzurik ez duela uste du, eta elebakar izateak “elebakardadea” dakarrela. Kontatu du, era berean, atzerrian euskaraz kantatzeak balio erantsi bat eman diola beren lanari.
Lau protagonista horiek bezala, D eredu publikoaren hautua egiteko gonbidapena egin du Nize elkarteak, haiek hartu zuten “itsasontzi berera igo”, eta “emozioz betetako bidaia” abia dezaten.