Tokiko Erakundeetako Emakume Politikarien Foroak 105 ordezkari bildu ditu

Euskalerria Irratia 2020ko urt. 21a, 07:51

Nafarroako Toki Erakundeetako Emakume Politikarien Foroaren II. edizioan, Nafarroako Foru Komunitate osoko 64 udalerritako 105 emakume alkate bildu dira guztira astelehen honetan. Foroa Nafarroako Berdintasunerako Institutuak (INAI-NABI) antolatu du Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioaren (NUKF) lankidetzarekin, eta helburua da Nafarroako emakume politikarien artean lankidetzarako espazioa eta lanerako sareak sortzea, haien erantzukizunak betetzeko baliabideak eta tresnak emanaz.

Lehendabiziko bilera gaur arratsaldean egin da Baluarte jauregian eta bertan Javier Remírez, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak, emakume hauek beraien herrietako tokiko politikan duten konpromisoa nabarmendu du.

Halaber, Emakumeen eta Gizonen berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen gainean adierazi du balioa ematen diola “herritar aktiboari, emakumeen jabekuntzaren bitartez eta haiek berdintasun-baldintzetan parte hartuta gizarteko esfera guztietan, erabakiak hartzeko eta boterera iristeko prozesuetan parte-hartzea barne”.

Ildo horretan, Nafarroako Gobernuak emakumeen jabekuntzaren eta politikan parte hartzearen inguruan duen konpromisoa berretsi du; izan ere, “emakumeek erabakietan eta administrazio eta gobernu jardueretan inplikatzen aurrera jarraitzea premia bat da, Administrazioek erantzuna eman beharreko eskakizuna”.

INAI-NABIko zuzendari kudeatzaile Eva Isturizek nabarmendu du helburu garrantzitsuenetariko bat dela “Nafarroako emakumeen jabekuntza erraztea ikuspegi feminista batetik”, Beijing-go Deklarazio eta Ekintza Plataformarekin bat eginez (aurten 25 urte beteko ditu).

Bestalde, NUKFko lehendakari Juan Carlos Castillok adierazi du toki-erakundeetan berdintasun-politikak sustatzea bere erakundearen lehentasunetako bat dela, eta “gure herri eta hirietan berdintasuna lortzeko bidean aurrera jarraitu eta Udaletan hori lortzeko politika aktiboak landu” beharra daudela.

Esku-hartze horien ondoren, berriz, Neus Albertos Meri gizarte-langileak eta genero-berdintasuneko agenteak “Egiteko jakitea: berdintasun-politikak ikasi egiten dira” izeneko hitzaldia eman du. Azken ekitaldi moduan, parte-hartzaileen arteko elkarrizketa egin da.

Foro deszentralizatua eta parte-hartzaile eta saio kopuru handiagoa izango duena

Nafarroako Toki Erakundeetako Emakume Politikarien Foroa Foru Komunitateko lurralde ezberdinetan ere burutuko da, bertan emakume gehiagok parte hartzeko helburuarekin. Ildo horretan, bigarren edizio honetan, parte-hartzaileen kopurua nahiz lurraldeko saioena gehitu egin da. Zehazki, Iruña eta Iruñerriko, Erriberako, Erdialdeko Zonako eta Pirinioetako 130 emakumek, aurreko edizioan baino berrogeita hamar bat gehiagok, dagoeneko izena eman dute Foroan.

Foroaren barnean, irekitzeko saioaz gain, sei saio egingo dira lurralde bakoitzean, eta emaitzen azken saioa Iruñean egingo da. Era berean, edizio honetan lurralde gehiagora eraman da; hain zuzen, Erribera eta Pirinioetara.

Emakume gehiago daude Nafarroako toki-korporazioetan

Bestalde, Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioaren datuen arabera, gero eta emakume gehiagok hartzen dute parte udal-politikan. Zehazki, 2019an, kopuru osoaren %36 osatzera iritsi ziren, 2018an baino lau puntu gehiago.

Modu horretan, Nafarroan, guztira 1.082 emakumek hartzen dute parte toki-korporazioetan: 159 alkateak dira eta 923 zinegotziak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!