Denboran eta espazioan banatuta egongo den turismo eredu bat. Hori bultzatu nahi du Nafarroako Gobernuak, eta horretarako baliatuko du aurtengo Fitur azoka. Hilaren 22tik 26ra ospatuko dute, Madrilen, eta Nafarroako Gobernuak Nafarroa, bost garai, bost urtaro goiburua eramango du bere stand-era.
Urtaroetatik harago doan turismo eredu bat bultzatzeko eta eredu jasangarriago bateranzko bidean urratsak emateko helburuari erantzuten dio bosgarren urtaroaren ideiak. 500 metro karratuko espazioa izango da, eta bederatzigarren pabilioian egongo da. 168.949 eurorengatik esleitu diote Zunzarren enpresari.
Espazio horretan, eta bosgarren urtaroaren ideiarekin jarraituz, Nafarroako natura, kultura eta gastronomia erakutsiko dituzte; baina horrez gain, baita lurraldearen bereizitasunak eta bizimodua ere, sentsazioei eta bizipenei garrantzia emanez. Horretarako, zikloturismoari eta gastronomiari toki berezia egingo diete aurten.
Lau urtaro tradizionalei, negua, udaberria, uda eta udazkena, Nafarroak bosgarrena gehitu die, izaerarekin, kontatzeko, begiratzeko eta deskubritzeko, partekatzeko eta ingurunearekin sortzeko modu bereziarekin zerikusia duena. "Ukiezina dena jasotzen du, berezi egiten gaituen guztia: bizi-kalitatea, gure jendearen soziabilitatea, gure zaporeak, gure kultura, paisaiak, historia, tradizioak eta hizkuntzak …", azaldu du Ayerdik, eta gaineratu: "Bisitariari sentsazioen erreinua sentitzeko aukera eskainiko diogu, azken batean Nafarroa bizitzekoa".
Stand-aren gai nagusiei heltzeko, hiru liburuxka aurkeztuko dituzte: Nafarroa dastatu izenekoak bertako gastronomiaren eskaintza jorratuko du, Nafarroa bizikletan izenekoa Foru Erkidegoa bizikletaz edozein sasoitan eta modu jasangarrian ezagutzeko gidaliburua izango da, eta Bizi liburuxkak mota guztietako bidaiarientzako eta urte osorako proposamen turistikoak jasoko ditu, natura, gastronomia eta kultura erdigunean jarrita.
Asteazkenean, hilaren 22an, zabalduko dute azoka, eta ostiralean Nafarroaren Eguna egingo dute. Egun horretan, Maria Txibite presidente izango da, Manu Aierdi kontseilariarekin batera, ekitaldi instituzional batean.
Turismoak gora egin du
Nafarroako turismoaren datuei dagokienez, 2019a errekorreko urtea izan zela nabarmendu du Aierdik. Azarora arte 1.388.327 lagunek bisitatu zuten herrialdea; aurreko urtean baino %4gehiago. Horietako gehienak, %15, Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik etorritakoak ziren; %13 Madrildik etorritakoak; %10,5 Kataluniatik, eta %9 bertakoak ziren, nafarrak.
Datuen hobetzearen ondorioz lanpostu gehiago sortu dira, eta orotara, 18.809 izan dira. Aierdik oso datu onak direla adierazi du, baina turismoa denboran eta espazioan deszentralizatzearen garrantzia nabarmendu du.