Bisita urtarrilaren 23an izango da, 12: 00etan, eta izen-emateak civivoxetan, 010 telefonoan, eta pamplona.es webgunean egin daitezke
Civivox Sareak Nafarroako Museora bisita gidatua proposatzen du datorren urtarrilaren 23rako, Patxi Irurzun idazleak prestaturiko ibilbidean oinarrituta. Bizitzaren haria izenburupean, Irurzunen ibilbideak, erakusketa-zentroko hainbat lan hautatuz, gizarte arloari buruzko hausnarketa proposatzen du.
Bisita 12:00etan hasiko da eta ordubete inguruko iraupena du. Inskripzioak bi euro balio du, eta civivox sareko edozein zentrotan egin daiteke, Herritarren Arretarako 010 telefonoaren bidez, eta on-line, udalaren web orrietan: www.pamplona.es eta www.pamplonaescultura.es. Bisita Nafarroako Museoko teknikariek gidatuko dute.
Nafarroako Museoak, Arte guztia garaikidea da berritze-proiektuaren esparruan, Konplizitateak programa bultzatu du. Programa horrek hiru bisita-ibilbide ditu, bakoitzak argumentu-hari bat duela, eta zazpi lan garaikide ditu, museoan eskuragarri dagoen liburuxka bati esker jarrai daitezkeenak. Liburuxka hori webgunean deskarga daiteke. Programak museoa ikuspegi askotatik ikusteko gonbita egiten du, publikoa erakusketa iraunkor bera ikustera hainbat aldiz etor dadin, eta bisita aldi bakoitzean desberdina eta pertsonala izan dadin; izan ere, ibilbide horiek iradokitzen dute sartzen diren obren hautaketa egiten duen pertsonak zabaldu edo aldatu dezakeela.
Adierazpen artistikoak, harreman-moduen, ohituren eta gatazken isla gisa
El hilo de la vida (bizitzaren haria) saioan, Patxi Irurzunek gizarteari buruz hausnartzeko gonbita egiten du, gizartean bizitzeak espezie gisa irautea ahalbidetu digula abiapuntutzat hartuta. Giza bizitzak gizarte-bizitzaren hariari eusten dio, eta honek imajina ditzakegun forma guztiak hartu ditu. Arte-irudikapenak ez dira egon bizitza komunitarioaren gorabeheretatik at, eta maiz arduratu dira gizaki gisa lotzen gaituzten harreman-moduak, ohiturak edo gatazkak islatzeaz. Horretarako berariazko borondaterik egon ez denean ere, bizitza sozialaren islak aurkitzen ditugu antzeztutako pertsonaietan edo haien ekintzak igarotzen diren agertokietan.
Bisita Nafarroako Museoaren diskurtso berriarekin bat dator, artea beti izan delako eta garaikidea delako ideian oinarritzen baita. Premisa horren pean, egungo proposamenak une ezberdinetako artista eta obren arteko elkarrizketa bilatzen du. Horrela, obrak espazioak partekatzera pasatu dira, irudikatzen duten gaiaren arabera, eta ez sortu ziren garai edo estiloaren arabera. Horrela, bisitaria artearen bidez gizateriari interesatzen zaizkion gai handietara hurbil daiteke, hala nola heriotza, transzendentzia, identitatea, femeninoa, soziala, osasuna, gorputza, etab. Museoaren ikuspegi berri honek bere funtsak eta erakusketa berrikustea ekarri du, XX. eta XXI. mendeetako artista nafarren potentziala jendeari erakustea helburu hartuta.