Imanol Karrera: “Une egokia da mobilizazioaren bidez gure aldarrikapenak errealitate bilakarazteko”

Euskalerria Irratia 2020ko urt. 15a, 12:37

Urtarrilaren 30eko greba orokorraren atarian, ELA eta LAB sindikatuek lan prekarietatearen aurkako ituna proposatu diote Nafarroako Enpresarien Elkarteari. Ingurumari horretan elkarrizketatu dugu Metropoli Forala saioan, LABeko Nafarroako koordinatzaile Imanol Karrera.

Zergatik egin diozue orain akordio eskaintza Nafarroako Enpresarien Elkarteari?

Honekin ikusi nahi dugu benetan zein den Nafarroako patronalaren borondatea, ea prest dagoen lan duina eskaintzeko Nafarroan. Askotan esaten digute ez gaudela akordioetara iristeko prest. Kontrakoa erakutsi dugu: eskaintza zehatz bat langile nafarren egoera hobetzeko.

81.000 lagun bizi dira pobrezian Nafarroan. Horien erdiak lanean ari dira, langile pobreak dira. Nola da posible?

Datuak Nafarroako Gobernuak eman ditu, eta oso larriak dira. Askotan patronalak esaten digu haiek sortzen dutela aberastasuna, haiek direla eragile nagusia. Guk dioguna da hori ez dela erreala, ikusten ari baikara milaka eta milaka langile pobreak direla, eta Nafarroak arazo horri heldu behar dio, oso epe motzean. Onartezina da hemen Nafarroan lana edukitzea baina ez izatea aukerarik modu duin batean bizitzeko. Hori milaka lagunek pairatzen dute eta justu aldarrikapen horrekin konektatzeko antolatu dugu urtarrilaren 30eko greba orokorra.

Enpresariei egindako proposamenen artean, 20 orduko gutxieneko lan astea. Zergatik proposamen hori?

20 orduko gutxieneko lan astea ezartzea eskatzen dugu ikusten ari garelako egiten diren kontratu ia guztiak, %95, aldi baterako direla. Eta kontratu horiek ez dira hala egiten langileok nahi dugulako baizik eta enpresariek inposatu egiten dizkigutelako. Guk horri begira oso proposamen erreal bat egin dugu: gutxienez 20 orduko lan astea izatea, horrek aukera ematen duelako minimo bat markatzeko Nafarroan.

Genero arrakala gainditzeko neurriak ere proposatu dituzue.

Nafarroako Gobernua enpleguaren inguruko diagnostikoa osatzen ari da, eta hori ikusten da: pentsioetan eta lan eremuan soldata arrakala ematen dela emakumeen eta gizonen artean. Nafarroako Gobernuak badu aukera Europan egin duten bezala, lege bat egiteko horri buruz. Eta patronalarentzako mezu bat ere badugu: honi buruzko neurriak hartu behar direla enpresetan, berdintasun planen bitartez. Martxoaren 8an emakumeek egin zuten aldarrikapen hori hartu dugu sartzeko greba testuinguru honetan, eta enpresariei egindako eskaintzan.

Gauzak horrela, zein erantzun espero duzue enpresariengandik?

Enpresarien elkarteko buruak, Sarriak, eskertu izan du Nafarroako Gobernuak ezabatu izana enpresa ondarearen gaineko zerga. Hau oso larria da. Hemen Nafarroan enpresarien elkartean agintzen du. Haiek markatzen dute politika ekonomikoa. Enpresariek elkarteen zergaren bitartez egiten duten ekarpena %5eoa da, eta aldiz langileok pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren bitartez egiten dugun ekarpena %35ekoa da. Gure gain hartzen dugu zama fiskala eta gobernuak dituen diru sarrerak, baina gero gobernuak hartzen dituen neurriak ez dira gure aldekoak, ez dituzte hartzen gehiengo sozialari begira. Horrekin apurtu nahi dugu. Sarriak behin esan zidan komunista nintzela, eta kudeaketa publikoa defendatzen banuen Nafarroa Venezuela bihurtu nahi nuela. Nik erantzun nion haiek nahi zutela Nafarroa Bahama Uharteak izatea. Horrekin apurtu behar dugu, borroka ideologikoaren bitartez.

Oso argi dugu une honetan patronalak ez duela batere asmorik halako itun bat egiteko Nafarroan. Baina hala eta guztiz ere argi ikusten dugu haiek planteatzen duten enplegu planaren aurrean guk dinamika propio bat planteatu behar dugula. Eta gure dinamika beti eraikitzailea izan behar dela. Esku batea proposamenak izanen ditugu, eta bestean mobilizazioak. Testuinguru horretan kokatzen da urtarrilaren 30eko greba deialdia. Ikusteko dago zein den patronalaren jarrera, baina Maria Txibite lehendakariari ere eskutitz bat helarazi diogu, inplikazio politikoa eskatzeko. Bere esku dago patronala inplikatzea, patronalari esatea Nafarroan langileei bermatu behar dizkiegula lan baldintza duinak. Ikusi behar dugu mobilizazioaren bitartez zerbait lortzen dugun. Nire ustez oso momentu egokia da lorpenak edukitzeko planteatu dugun eskemarekin.

Aste honetan berean, Txibite lehendakariak Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluaren bilera antolatu du. Zer iruditzen?

Gehiago egin izan dituzte. Jendeak ez dio garrantzirik ematen formari. Jendeak edukiak, neurriak nahi ditu, ez izar planik. Ikusita patronalaren jarrera zein den, uste dugu hori ez dela markoa aurrera egiteko. Eskatzen duguna da bestelako mahaiak osatzea eduki konkretuei buruz hitz egiteko.

Espainian gobernu berria dute, eta lehen ministro kontseiluan pentsioen igoera onartu du.

Espainiako gobernuaren akordio programatikoak ez du biltzen guk grebarako planteaturiko aldarrikapen bakar bat ere. Hori oso larria da. Adibidez, %0,9 igo dituzte pentsioak, baina pentsionistek jada esan dute hori ez dela nahikoa. Guk Nafarroan 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzen dugu. Espainiako gobernuak hau ez du jasotzen. Guk diogu 65 urterekin jubilatu behar dugula, eta gobernua dio 67rekin jubilatuko garela. Ez dago urrats nabarmenik ildo honetatik. Pentsionistek ederki diote moduan, aski ez denaren aurrean mobilizatzen segituko dugu.

CCOO buru Unai Sordok dio gobernu berriarekin greba deialdiak ez duela zentzurik. Zer diozu zuk?

Justu kontrakoa ez dute 1200 euroko solda, 1080, aukera gehiago daude gobernu honekin grebarek bitartez gauzak lortzeko. Neurri oneetara iristeko. Oso une politean gaude aldarrikatzen duguna lortzeko Gobernu berri bat da, nobedadea. Eta gauza ongi egiten baditugu, gauzak lor ditzakegu, Ipar Euskal Herriko langileek egin duten moduan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!