'Zizelkariak' dokumentala pantailaratuko dute gaur Zaldiko Maldikon

Euskalerria Irratia 2020ko urt. 15a, 07:53

19:30ean da hitzordua, Iruñeko Antsoleaga karrikako elkartean. Euskal Herriko periferiak erdigunera ekarriko ditu Zizelkariak dokumentalak, Euskal Herriko sei ertzetan gazte mugimenduetako hainbat arlotan borrokan ari diren sei gazteri ahotsa emanez.

Euskal Herriko periferia geografiko eta politikoak erdigunera ekartzeko asmoz, Euskal Herriko ertzetan gazte mugimenduetako hainbat arlotan borrokan diharduten sei gazteri ahotsa eman die Topaturen Zizelkariak dokumentalak. Azaro amaieran estreinatu zuten Tuteran, eta gaur Iruñera ekarriko dute.

Dokumentalaren xedeetako bat, beste kontakizun bat eraikitzea eta periferikotzat hartu ohi diren mugimenduei tokia egitea izan da. Zizelkariaren irudia hartu dute metafora gisa, dokumentalaren protagonistek ertzetatik erdigunera ematen diotelako forma herriari, zizelkariak egurrari nola.

Eta hain zuzen ere, sei dira protagonistak: Maika Alfaro, Arkaitz Lopez, Jon Marauri, Marta Irigoien, Edurne Sanchez eta Ibai Osinaga. Azken bi horiek nafarrak dira.

Edurne Sanchez tuterarra da, eta mugimendu feministako kidea. Tuteran euskaldun gisa jasaten zuen zapalkuntzak eraman zuen feminismoan murgiltzera, eta, egun Erribera Intsumisa taldean dihardu, feminismotik Euskal Herria eraiki nahian. Une honetan harena bezalako testigantzei argia ematea aproposa ikusi dute dokumentalaren egileek.

Ibai Osinaga, berriz, Irunberriko musikaria da. Gitarra eskutan duela begiratzen dio inguruari, eta hala, musikan gazte hasteaz, Euskal Herriko eszenaz eta Irunberritik euskaraz kantatzeaz mintzatuko da. Dokumentalaren egileentzat garrantzitsua izan da gazte sortzaile baten ahotsa jasotzea, kulturgintzan dabiltzanei aitorpena egiteko.

Gaur Zaldiko Maldiko kultur elkartean aurkeztuko dute Zizelkariak dokumentala, arratsaldeko 19:30ean. Larunbatean, berriz, Irunberriko Erika Herrigunean aurkeztuko dute, arratsaldeko 19:00etan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!