Frankismoan Nafarroan izandako 29.000 errepresio kasu, dokumentu funts batean jasota eta ikusgai

Euskalerria Irratia 2020ko urt. 14a, 13:16

Nafarroako Oroimen Historikoaren Funtsa osatu du NUPeko ikertzaile talde batek, Nafarroako Gobernuarekin eta parlamentuarekin elkarlanean, eta Interneten dago ikusgai. Kontsultarako tresna publikoa da, eta 1936ko kolpearen ondorioz errepresioa jasan zuten gizon-emakumeen eta errepresio mota ezberdinen datuak jasotzen ditu.

Nafarroan 1936 eta 1975 urteen bitartean frankismoarengandik mota askotariko errepresioa jasan zuten 22.000 pertsona baino gehiagoren izenak jasota, sailkatuta eta ikusgai daude dagoeneko Nafarroako Oroimen Historikoaren Funtsaren webgunean. Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaile talde batek osatu du, Nafarroako Gobernuarekin eta parlamentuarekin elkarlanean, artxibo historikoak, ikerketak eta ahozko testigantzak oinarri hartuta. Proiektu aitzindaria da, eta etengabeko berritzean eta gizarteari irekia egongo da.  

Proiektua aurrera ateratzeko, oroimen elkarte, ikertzaile eta errepresaliatuen senideen artean izandako elkarlana azpimarratu dute gaur gobernuko eta parlamentuko ordezkariek, eta baita funtsaren sortzaileek ere.

Datu basean 29.000 errepresio kasu jasan zituzten 22.500 pertsona daude jasota; horietako 1.200 emakumeak dira, eta 21.300 gizonak. Eta jasan zuten errepresio motaren arabera sailkatu dituzte: 14 kategoria eta 62 azpikategoriatan aletu dituzte.

Ikerketa lantaldeari dagokionez, Emilio Majuelo historialaria aritu da zuzendari 2019ra arte. Koordinazioaz Fernando Mendiola eta Nerea Perez Ibarrola arduratu dira; horiez gain, hainbat historialari aritu dira proiektuan: Juan Carlos García Funes, Gotzon Garmendia, Gemma Piérola, Daniel Oviedo eta Edurne Yaniz. Datuak lortzeko, bederatzi funts dokumental, ahozko 200 elkarrizketa, errepresioari buruzko bibliografia, eta elkarte eta ahaideek emandako dokumentazioa erabili dituzte.

Oroimen historikoaren aurkako eta frankismoaren aldeko diskurtsoak gailentzen ari diren garaiotan, halako proiektuak gauzatzearen garrantzia nabarmendu dute Uhaldek eta Ollok. Azken horren hitzetan, ekarpena gizarte “demokratikoago” bat eraikitzeko lagunduko du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!