Lurralde bateko desberdintasuna neurtzen duen Gini koefizientea, 2017an, 24,7an kokatu zen, estatuko 33,2aren aldean, eta egoera hobetu egin zen azken urtean, 2016ko 26,5etik 2017ko 24,7ra. Datu horiek Eskubide Sozialetako Departamentuko Errealitate Sozialaren Behatokiak urtero egiten duen Nafarroako pobreziari eta desberdintasunari buruzko III. txostenetik ondorioztatu dira.
EB-27ko datuekin emaitzak alderatuta, Nafarroaren portzentajeak EBekoak baino baxuagoak izan dira azken zazpi urtetan; gainera, EBeko bi estatuk soilik gainditu dute, eta Finlandia eta Norvegia bezalako herrialdeen parean aurkitzen da.
Era berean, desberdintasuna aztertzeko erabiltzen den beste adierazle bat kontuan hartuta, hots, pertzentilen artean ratioen bitartez desberdintasuna neurtzen duen S80/S20 kozientea, Nafarroa Espainiako komunitaterik berdintsuena da, 5,2ko batez bestekotik 3,9rekin. Adierazle hori nabarmen jaitsi da azken urtean, 4,4tik 3,9ra jaitsi baita.
Pobrezia larriari dagokionean, Nafarroa estatuan portzentaje gutxieneko autonomia-erkidegoa izan zen (%2,6), aurreko urtetik %44,5 jaitsi baitzen %4,7rekin, Bizi Baldintzen Inkestaren (BBI) arabera. Adierazle hori Espainian %9,2koa izan zen. Zenbakien aldetik, pobrezia larrian 30.110 pertsona izatetik 16.724 izatera iritsi ziren; hau da, 13.448 gutxiago.
Horiek izan dira gaur goizean prentsaurrekoan aurkeztutako azterketaren ondorioak. Aurkezpena honako hauek egin dute: Eskubide Sozialetako kontseilari Carmen Maeztuk; Errealitate Sozialeko, Plangintzako eta Politika Sozialen Ebaluazioko Behatokiaren zuzendari nagusiak, Luis Camposek; eta Errealitate Sozialeko Behatokiaren Zerbitzuko zuzendariak, Antidio Martínez de Lizarrondok.
Taldearen erradiografia
Zailtasun gehien jasaten dituzten pertsonen erradiografia zehatzagoa egin ahal izateko, iturri propioa erabili da; alegia, Nafarroako Errentaren Estatistika, atalase handiagoa erabiltzen duena eta Nafarroako zona ezberdinak aztertzean analisi zehatzagoa egiteko aukera ematen duena.
Adinari eta sexuari dagokienean, aipatzekoa da pobrezia larriak eragin handiagoa duela emakumeengan eta 16 urtetik beherakoengan. Emakumeei erreparatuta, kopuru hori %12ra iristen da gizonezkoen %10,8ren parean. Haurren pobreziaren kasuan, aldiz, 11,4ko batez bestekoa baino askoz ere altuagoa da, %18,3koa, eta 65 urtetik gorakoena (%4,3) baino lau aldiz handiagoa.
Halaber, aipatzekoa da pobrezia larriak eragin handiagoa duela Nafarroan bizi diren atzerritarrengan, bertakoek baino 5 aldiz handiagoko tasetara iristen baitira. Aldiz, espainiar nazionalitatea duten atzerritarren pobrezia-tasak baxuagoak dira, baina, hala ere, bertakoak baino 3,5 aldiz altuagoak.
Gizarte-zerbitzuko arloen arabera, aldeak daude Nafarroako iparra eta hego artean; esate baterako, ipar-ekialdean pobrezia larria %8,7koa da, Tuterako zonan %16koa (azken urtean hobetu den arren), eta batez bestekoa, berriz, %11,4koa da Nafarroako Biztanleriaren Errentaren Estatistikaren arabera.
Iruñeko auzoetako pobreziari erreparatuta, Buztintxuri, Alde Zaharra, Txantrea, Etxabakoitz, Milagrosa, Errotxapea eta San Jorge auzoetan pobrezia-tasak foru hiriburuko batez bestekoaren gainetik aurkitzen dira. Zehazki, Etxabakoitz auzoak du tasarik altuena, pobrezia erlatiboari nahiz larriari dagokienean: %32,6 eta %18,3, hurrenez hurren, 2017an, azken urtean hiriburuko batez bestekoarekin alderatuta, egoera hobetu bada ere. Ermitagaña, aldiz, tasa gutxieneko auzoa da; 2017an Iruñeko pobrezia larriaren batez bestekoa baino 5,5 puntu gutxiagoko tasa izan zuen.
Oinarrizko hiru etxebizitza-mota hauetako pobrezia larriari erreparatuta, 2016an eta 2017an, kide bakarreko etxebizitzek eta 16 urtetik beherakorik gabeko kide bakarrekoak ez diren etxebizitzek Nafarroako batez bestekoa baino tasa baxuagoak zituzten. Baina egiaztatu da 16 urtetik beherakoak dituzten etxebizitzek aukera handiagoa dutela pobrezia larria izateko, Nafarroako batez bestekoa baino 6 puntu gehiago baitituzte (%17,6 %11,4ren aurrean, 2017an). Modu horretan, egiaztatuta geratu da adin txikiko seme-alabak dituzten familiek aukera handiagoak dituztela pobrezia izateko.
Adierazle ezberdinak
Europar Batasunak AROPE (At Risk Of Poverty and/or Exclusion) adierazlea erabiltzen du pobreziaren eta gizarte-bazterketaren arriskua neurtzeko, eta, era horretan, hiru magnitude konbinatzen ditu: 1) Errenta, 2) Pribazio Material Larria (PML) eta 3) Lanaren intentsitatea, hots, lan-intentsitate baxuko biztanleria etxebizitza bakoitzeko (BITH). AROPE pertsonatzat, pobrezia eta gizarte bazterketaren egoera edo arriskua izateko pertsonatzat, hartzen dira diru-sarrera baxuekin bizi direnak (diru-sarrera baliokidearen batez bestekoaren %60) eta/edo pribazio material larria dutenak (definitutako 9 itemetatik 4) eta/edo enplegu-intentsitate oso baxuko edo nuluko etxebizitzetan bizi direnak (0,2ren azpitik).
Adierazle horri dagokionean, Nafarroa 2018an (datu ekonomikoak 2017koak izan arren) pobrezia eta gizarte bazterketaren arrisku gutxieneko bigarren komunitatea izan zen, %12,6rekin, eta Europako eskualdean, pobreziaren eta bazterketaren arrisku gutxieneko hamalaugarren eskualdea izatera iritsi zen; gainera, Espainia osokoaren erdiaren azpitik egon zen, %26,1ekin. Tasa hori %13,5etik %12,6ra jaitsi da azken urtean.
2019ra arte pobreziak izandako bilakaerara hurbiltzeko, BAIren (Biztanleria Aktiboaren Inkesta) hiru adierazleen bilakaera aztertu behar da; alegia, kide aktibo guztiak langabezian dituzten etxebizitzen portzentajea, erreferentziazko pertsona langabezian duten etxebizitzen portzentajea eta diru-sarrerarik gabeko etxebizitzen portzentajea. Hiru parametroen aldetik, 2018ko emaitzak 2017koak baino hobeak dira. Lehen kasuan, Nafarroa %5,8tik %5,2ra igaro da, bigarren kasuan %7,6tik %7,4ra eta diru-sarrerarik gabeko etxebizitzei dagokienean (pobrezia larrira gehien hurbiltzen den adierazlea) %2,7tik %2,3ra jaitsi da, Espainiarekiko distantzia puntu portzentual batera handituaz.
Kontseilariaren balorazioa
Maeztu kontseilariak azpimarratu du “iturri ezberdinek emandako datuen eta txosten honetan erabilitako adierazleen arabera, desberdintasunari eta pobreziari erreparatuta, Foru Komunitatearen egoera Espainiako eta Europako onenetarikoa dela, baina, ezin garela kontent geratu". Era berean, honela gehitu du: “parametro askotan azken urteetako hobekuntza Espainiako batez bestekoa baino handiagoa izan arren, arreta jartzen jarraitu behar da arazo larri batzuetan”. “Oraindik nabarmentzekoa da desberdintasun garrantzitsua dagoela eskualde barnean, zenbait biztanleria-taldetan nahiz lurraldean, alde nabariak izanik iparraldetik hegoaldera. Biztanleria-talde horien eta Nafarroako hegoaldearen egoera okerrago hori ez da une honetakoa den zerbait, krisi aurretik ere horrela gertatzen baitzen, baina efektuek oso presente egoten jarraitzen dute”, berretsi du.
Horrez gain, azpimarratu du gutxieneko errenten sistema eta, zehazki, Bermatutako Errenta “funtsezko gailuak” direla Nafarroan pobreziaren aurka borrokatzeko, herritarrentzat segurtasun ekonomikoaren azken sarea izanik.
Azkenik, Maeztuk nabarmendu du zailtasun handieneko taldeen laneratze handiagoa lortzea, enpleguaren kalitatea hobetzea eta haurren pobreziaren kontra borrokatzea lehen mailako elementuak izan behar dutela etorkizuneko gizartea hobetze aldera. “Gaitz horrek haurtzaroan arrasto oso luzeak uzten ditu, eta hezkuntzan, osasunean, eta, azken finean, jasaten dituzten adin txikikoen oraingo eta etorkizuneko aukeretan eragiten dute”, amaitu du.