Sexu erasoa salatzeko elkarretaratzea egin dute Orkoienen

Euskalerria Irratia 2020ko urt. 7a, 07:31
Atzoko elkarretaratzea (Argazkia: Ahotsa.info)

Epaileak ustezko hiru erasotzaile espetxeratu ditu; eta bi aske utzi, kautelazko neurriekin.

Orkoiengo Talde Feministak antolatu du atzo, astelehenarekin, egindako elkarretaratzea. Bertan izan dira ordezkari politiko eta instituzionalak, herriko bizilagunak eta biktimaren senideak, eta elkarretaratzea egin dute plazan, "Ez, beti da ez. Bai ez bada, ez da. Ez zaude bakarrik” leloarekin.

Gainera, zenbait lelo oihukatu dituzte, esaterako "erantzunik gabeko erasorik ez" euskaraz eta gaztelaniaz, eta deitzaileen bozeramaileak agiri bat irakurri du biktimari elkartasuna adierazteko eta horrelako ekintzak arbuiatzeko.

Gertakariak azaroan izan ziren, eta biktimak, Orkoiengo adineko emakume batek, salaketa jarri zuen Foruzaingoan, hasiera batean herriko Udaleko langileei gertatutakoaren berri eman ondoren.

Atxilotutakoak emakumearekin harremanetan jarri ziren harreman-sare sozial baten bidez, eta handik aurrera hitzordua jarri zuten emakumearekin, Iruñeko Instrukzioko 1 zenbakiko Epaitegiko titularrak ikertu duenez.

Ikerketaren ondorioz, zazpi gizonezko atxilotu zituzten, adin nagusikoak guztiak, Nafarroako Erriberako herri batean, eta horietako hirurentzat espetxealdia ezarri du epaileak; beste bi, berriz, aske daude, badaezpadako neurriekin.

Protesta ekitaldian 300 bat lagun izan dira, eta Idoia Ilundain Orkoiengo Talde Feministako bozeramaileak deitoratu duenez, "gizon talde batek emakume bat beldurtzeko, umiliatzeko eta erasotzeko erabiltzen du bere boterea", eta elkartasuna adierazi dio.

Komunikatuan adierazi duenez, Orkoienen "ez dugu inolako indarkeriarik onartzen", eta aldarrikatu du "kalea, eguna eta gaua pertsona guztien gozamenerako direla, eta emakumeok horiek beldurrik gabe okupatzeko eskubidea dugula".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!