Ezkondu gabeko bikote egonkorrei haien egoera notario aurrean formalizatzea gomendatu die Nafarroako Gobernuak

Euskalerria Irratia 2019ko abe. 27a, 07:57

Zergei dagokienez, beste elkarketa mota batzuekin parekotasuna bermatzen du notario aurreko eskriturak, heriotza edo kontrako abaguneak gertatuz gero; 2019ko Errenta aitorpenaren ondoreetarako, aitorpena aurkeztu aurretik egitea gomendatzen da

Nafarroako Gobernuak beraien egoera notario aurrean formalizatzeko gomendioa ematen die ezkondu gabeko bikote egonkorrei, aurretik egin ez badute, heriotza edo kontrako abaguneak gertatuz gero beraien egoera fiskala bertze elkarketa mota batzuen (ezkontza, adibidez) parekoa izan dadin. Horrez gain, 2019ko Errenta aitorpenaren ondorioetarako, notario aurreko eskritura publikoa, aitorpena Foru Ogasunaren aurrean aurkeztu aurretik egitea gomendatzen da.

Dokumentu publikoan formalizatu beharra

Nafarroako Foru Berriaren azken eguneratzea indarrean jartzeak aldaketa batzuk dakartza, elkarrekin bizi diren bikote egonkorrek izaera hori baliarazi ahal izan dezaten, ezkonduta egon ez arren, ondorio guztietarako, egonen balira izanen lituzketen baldintza berberak izateko. Horretarako, araudi berriak dokumentu publiko batean jasota geratzea eta erregistro zentralizatu batean (Bikote Egonkorren Erregistro Bakarra) inskribatzea eskatzen du. Erregistro horrek lehendik dauden udal-erregistroak ordeztuko ditu. 60 euro inguruko kostua duen Notario aurreko eskritura, bikote gisa eratu nahi dutela dokumentu publikoan adierazteko bikote egonkorrek une honetan duten bide bakarra da. Etorkizunean ere egin ahal izanen dute, sortzeko fasean dagoen Erregistro Bakar berriaz arduratzen den pertsonaren aurrean agertuz.

Notario aurreko eskriturak bikote gisa elkarrekin bizi izandako denbora tarte guztia islatzen du

Agiri publiko hori da, bikote egonkorren Erregistro Fiskaleko inskripzioarekin batera, bikote egonkorra gainerako elkarketekin parekatu ahal izateko beharrezko baldintza. 2020ko apirila eta ekaina bitartean izanen den 2019ko Errenta kanpainari begira, notario aurreko eskritura egitea gomendatzen da, dagokion aitorpena Foru Ogasunean aurkeztu aurretik. Notario aurreko eskritura horretan, bikoteak zenbat denbora daraman elkarrekin bizitzen adierazi ahal izango du, eta hori kontuan hartuko da zerga ondorioetarako. 2019ko errenta aitorpena egiteko, bikote egonkorrak izan daitezke, baldin eta, gainerako baldintzak betetzeaz gain, elkarrekin bizitzen daramaten denbora zergaren zortasun data (2019ko abenduaren 31) baino lehenagokoa bada.

Ondorio horietarako, bikote egonkor batek halakotzat eratuta egoteko duen interesa ez da soilik PFEZera mugatzen. Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren arloan, adibidez, ezkondutako bikoteekin parekatzeak garrantzi ekonomiko handia izan dezake. Hala, adibidez, pertsona batek bere bikotekidearengandik 250.000 euroko balioa duen etxebizitza bat jasotzen badu oinordetzan eta bikote egonkor gisa aitortu gabeko bikotea bada, jaraunsleak 70.000 euro inguru ordaindu beharko ditu zergatan; bikote egonkorra bada, berriz, oinordekoa “ezkontide alargunarekin” parekatuta egonen da eta aipatutako adibidean ez du ezer ordainduko Oinordetzen gaineko Zergarengatik.

Bere garaian notarioaren aurrean –Ondoren udal-erregistroetatik igarota– beraien elkarketa gauzatu zuten bikote egonkorrek, ez dute notario aurreko izapide horretatik berriro igaro beharko. Hala ere, aktibo dagoen unean, erregistro bakarrean inskribatu beharko dira.

Galderak eta erantzunak

Funtzionatzen ari al da jadanik erregistro zentralizatua Nafarroan?

Nafarroako Foru Berriaren idazketa berria urriaren 16an sartu zen indarrean, eta erregistroa 21/2019 Foru Legea argitaratu eta urtebeteko epean sortu beharra ezartzen zuen, hau da, 2020ko apirilaren 16rako. Une honetan eraketa fasean dago, eta 2020ko urtarrilean Nafarroako Gobernuak haren araudi erregulatzailea aurkeztuko du, Foru Dekretu gisa tramitatzeko.

Zer egin beharko dute bikoteek erregistro zentralizatuan izena emateko?

Osatzen denean, bikoteek eraketaren agiri publikoa egiletsi ahal izanen dute, Erregistro Bakar horren arduradunaren aurrean agertuz, edo notario aurreko eskritura egin eta ondoren inskripzioa eginez.

Non erregistratu ahal izanen dira bikote egonkorrak erregistro zentralizaturik ez dagoen bitartean?

Udal erregistroetan, orain arte bezala.

Eta nire Udalean bikote egonkor gisa inskribaturik baldin banago, notario baten aurrera joan behar al dut?

Udal erregistroetan izena emanda dauden bikote egonkorrek bai, notario baten aurrera joan beharko dute izena eman zutenean hala egin ez bazuten. Foru legeak aldatzen duena, orain bikote egonkorra eratzeko borondate horren fede emanen duen agiri publiko bat derrigorrezkoa dela da, notario aurreko eskritura edo Erregistro Bakarreko arduradunaren aurrean formalizatutako dokumentu publikoa, alegia.

Dagoeneko beraien udalerrian erregistraturik dauden bikoteak, berriro erregistratu beharko al dira erregistro berrian?

Bai. Sortzen den unean, bikote egonkorrak erregistro bakar horretan erregistratu beharko dira, eta bizikidetzak iraun duen aurreko denbora guztia jasoarazi ahal izanen dute. Horretarako, udal-erregistroan eginiko aurreko inskripzioarekin edo zuzenbidean onartutako bertze edozein frogabideren bitartez egiaztatu beharko dute.

Zein ondorio ditu, zergei dagokienez, bikote egonkorra izateak?

Bikote egonkor bateko kideak ezkondutako bikoteko kideekin parekatuta daude PFEZren eta bertze zerga batzuen (Ondarea, Oinordetzak eta Dohaintzak, Ondare Eskualdaketak eta Egintza Juridiko Dokumentatuak, eta Sozietateak) ondorioetarako.

Horretarako beharrezkoa da bi baldintza betetzea:

  • Bikote egonkorra izatea, araudi zibil aplikagarriaren arabera.

  • Nafarroako Foru Ogasunak kudeatzen duen Bikote Egonkorren Zerga Erregistroan izena ematea.

Zer egin behar da Ogasunean izena emateko?

Bi bide daude Bikote Egonkorren Erregistro Fiskalean bikote berriak inskribatzeko:

  • 030 eredua aurkeztuz. “Kideek aplikagarri zaien legeria zibilaren arabera bikote egonkorra osatzen dutela dioen erantzukizunpeko adierazpena” baino ez da eskatzen. Ondorioz, ez da beharrezkoa 030 ereduarekin batera bikotekide egonkorraren eraketari buruzko agiri publikoa aurkeztea (Nafarroako Foru Ogasunak geroago eskatu ahal izanen duen arren). Horri dagokionez, nahikoa da erantzukizunpeko adierazpen hori aurkeztea.

  • PFEZren aitorpena epearen barruan aurkeztuz, bertan dagokion laukitxoa beteta.

Esan bezala, Foru Berria eguneratu eta gero, nahitaezkoa da dokumentu publiko bat, une honetan notario aurreko eskritura publikoa.

2019ko errenta-aitorpenari begira, dokumentu publiko hori (notario aurreko eskritura) aitorpena Foru Ogasunean aurkeztu aurretik formalizatzea gomendatzen da, eta bikote egonkor gisa hartu ahal izanen da baldin eta, gainerako baldintzak betetzeaz gain, elkarrekin bizitzen emandako denbora zergaren zortasun data (2019ko abenduaren 31) baino lehenagokoa bada.

Zer egin behar dute 2019ko urriaren 16an jadanik Nafarroako Foru Ogasuneko Bikote Egonkorren Erregistro Fiskalean inskribaturik zeuden bikote egonkorrek?

Dokumentu publikoa ematea, aurretik emanda ez badute.

Erregistro Fiskalean inskribaturik jarraituko dute eta, beraz, ezkontideen parekoak izanen dira, salbu eta:

- Bikote Egonkorren Erregistro Fiskalean horrela jasorik jarraitu nahi ez badute; horretarako, berariaz jakinarazi beharko dute 030 ereduaren bidez.

- Beraien egoera zibila aldatu badute. Nafarroako Foru Ogasunari ere jakinarazi behar zaio aldaketa, 030 ereduaren bidez.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!