Nafarroako hainbat herritan indarrean daude Frankori egindako 13 ohorezko aipamen

Euskalerria Irratia 2019ko abe. 24a, 07:18

Sinbologia frankistarekin erretiratutako plaken erakusketa. (Nafarroako Gobernua)

Nafarroako Oroimenaren Institutuaren ikerketaren hirugarren analisian 500 eta 1.500 biztanle arteko 45 udal akta aztertu dira, zeinak Institutuak ezarritako gomendioei jarraiki jada hasi diren horiek kentzen.

Nafarroako Gobernuak, tokiko entitateekin elkarlanean, aurrera darrai eremu publikoaren demokratizazioaren aldeko lanean, frankismoko ikurrak kentzeko programa sustatuz. Hori lortzeko, Bakea, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusia, Nafarroako Oroimenerako Insitutuaren bitartez, hirugarren ikerketa lana abiatu du kolpe militarraren ondorengo urtetan 500 eta 1.500 biztanle artean zituzten Nafarroako udaletan.

Aurreko bi proiektuetan bezala, udal-aktetan bilatu dira erregimen frankistarekin lotura izandako eta giza eskubideen urraketa-prozesuetan erantzukizunen bat izandako pertsonen ohorezko aipamenak.

Hirugarren fase honetan 45 udaletako aktak aztertu dira, eta egiaztatu ahal izan da Francisco Franco adopziozko seme eta seme kutun izendatua izan zela 13 udal-entitatetan: Abárzuza Abartzuza, Aberin, Beire, Deikaztelu, Etxalar, Lakuntza, Valle de Ollo / Ollaran, Oteitza, Pitillas, Sartaguda, Uharte Arakil, Urdiain eta Urroz-Villa; José Antonio Elola Olaso Idiacaíz, Pitillasen; eta José Solchaga, Aberinen. Francoren kasuan, izendapen gehienak 1948ko urtarrilean egin zituzten, “gure Buruzagi garaitu gabearen ezin eskertuzko zerbitzuak aitortzeko Iruñeko Udalak izandako ekimenarekin bat eginez”, Uharte Arakilen adierazi zuten gisan.

Sinbologia frankista kentzeko programa, 2016an abiarazitakoa, lege-agindu baten ondoriozkoa da, eta bete egiten du 33/2013 Foru Legea, azaroaren 26koa, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala ematekoa. Edozein kasutan, programa horrek, funtsean, jaso egiten du nafar gizarteak oro har eta bertako Gobernuak bereziki Nafarroako udalen demokratizazio-prozesuan sakontzeko duten gogo bizia, horretarako erregimen frankista goratzen duten erreferentziak ezabaturik.

Langile publikoen kargugabetzeak ideologia dela eta

Ikerkuntza-lanak azalera ekarri ditu beste udal-akordio batzuk, zeintzuen bitartez kargua kendu zitzaien hainbat udal-langileri: zaintzaileak, idazkariak, albaitariak, aguazilak, abokatuak, medikuak, gordailuzainak eta garbiketa-arduradunak, “era horretan betearaziz [1936ko] uztailaren 19ko bandoan ezarritakoa, hala nola Nazioaren Defentsarako Batzordearen erresoluzio egokiak, udalbatza ofizialak behartzen dituztenak halako neurriak hartzera Mugimendu Nazional Loriatsuaren printzipioen aurkako ideologia duten langileekin”. Areago, zenbait kasutan atzeman egin dira alkateek, Caparrosokoak esaterako, igorritako mezuak, udalbatzei eskatuz Aldundiari ofizio bat bidal ziezaietela, Luis Valero Bermejo Nafarroako adopziozko seme izendatzea lortzeko.

Indarrean dagoen ikerketaren emaitzak udal-agintariei jakinarazi zaizkie, eta haiek erretiratze-akordioak hartu dituzte edo aipatutako izendapenak baliogabetzeko borondatea agertu dute; hala, bat egin dute orain arte beste udal batzuek egindako akordioekin, gune publikoak demokratizatzeko eta frankismoaren indarkeriaren biktimei ordain morala emateko prozesua bultzatzen jarraitzeko.

300 ikur baino gehiago kendu dira

2016an Nafarroako Gobernuak sinbologia frankistaren lehen errolda abian jarri zuenetik, Nafarroako Memoriaren Institutuak udal-entitateekin koordinatuta egindako lanari esker frankismoaren 300 ikur eta ohorezko aipamen baino gehiago kendu dira Nafarroako gune publikoetatik. Prozesua ez da bukatu, eta elementu gehiagoren existentzia jakinarazi ahala, haiek kentzeko egin beharreko jarduketak abian jartzen dira, eta horretarako aholkularitza eskaintzen zaie udal-entitateei.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!