Haritz Larragueta, Iban Garro eta Eneko Fernandez, Egile Berrientzako Euskarazko XXIX. Literatur Lehiaketaren irabazleak

Euskalerria Irratia 2019ko abe. 23a, 14:01

Udalak hiru sari banatu ditu modalitateko, 2.500, 1.000 eta 500 eurokoak; eta hiru aipamen berezi, bakoitza 250 eurokoa.

Haritz Larraguetak, narrazio laburrean, Iban Garrok, poesian, eta Eneko Fernandez, bertso-paperetan, jaso dituzte lehen sariak, gaur eguerdian, Iruñeko Udalak antolatutako Egile Berrientzako Euskarazko XXIX. Literatur Lehiaketan. Guztira, hamabi sari eman dira, eta ekitaldian Enrique Maya Iruñeko alkateak, María García-Barberena Kultura eta Berdintasuneko zinegotzi ordezkariak eta Udalbatzako beste kide batzuek parte hartu dute.

Gainontzeko saridunak hauexek dira: narrazio laburrean, Saioa Alkaiza (bigarren saria), Sarai Robles (hirugarren saria), Jose Aldasoro (aipamen berezia) eta Maddi Ane Txoperena (aipamen berezia); poesian, Nerea Balda (bigarren saria), Sarai Robles berriro ere (hirugarren saria) eta Ainhoa Andueza (aipamen berezia), eta bertso-paperetan (bertsoak bertsolaritzaren arauekin bat idatzita), Joanes Illarregi (bigarren saria) eta Esteban Arozena (hirugarren saria).

Lehiaketak hiru sari banatu ditu modalitateko, 2.500, 1.000 eta 500 eurokoak. Gainera, oinarrietan jaso bezala, epaimahaiak 250 euroko lau aipamen eman ahal zituen, zein modalitatetan aurkeztu ziren kontuan hartu gabe. Aurten 31 idazlan jaso ziren; horietako 14, narrazio laburrak; 12, olerkikoak; eta 5, bertso-paperak. Saritutako lan guztiak Iruñeko Udalak egin ohi duen argitalpenaren barne sartu ahalko dira. Iaz 25 lan aurkeztu ziren (11 narrazio, olerkiko 8 eta 6 bertso-paper), eta 2017an, 30 lan (olerkiko 13, 11 narrazio eta 6 bertso-paper).

Eduki eta hizkera ezberdinak dituzten idazlanak

Narrazio laburrean, Haritz Larragetak lortu du lehen saria Pertseoren alabak lanagatik, zeina egileak protagonisten nortasuna, bizipenak eta pentsamoldea astiro-astiro lotzea xede harturik narratzaile askoren ahotsak maisuki nahastu dituelako saritu baitu epaimahaiak. Kontakizunean gai andanari heldu dio, hala nola heriotzari, adiskidetasunari edo familiarteko harremanei, gozoei zein mingotsei, eta asmatu du bai hizkeran bai literatur baliabideetan, kontakizun dotorea taxutzeko. Saioa Alkaizaren Erabaki bat lana, bigarren sariaz aintzatetsia, egoera zailetako erabakien inguruko kontakizuna da; Sarai Roblesek, berriz, 36ko gerraren osteko isiltasunei eta minari heldu die, hirugarren saria jaso duen Hitz Gordeak lanean. Azkenik, epaimahaiak bi aipamen ematea erabaki du, Joxe Aldasorok idatzitako Moldakaitza lanerako eta Maddi Ane Txoperenaren Utzi ninduzun egunean lanerako.

Olerki-modalitatean, epaimahaiak Iban Garroren Geroxeago itzuliko naiz lana ongi garatutako olerki-bilduma koherentetzat jo du, eta horregatik eman dio lehen saria. Epaimahaiak Nerea Baldaren Asmo dekalogoa lana ere hartu du aintzat, eta bigarren saria eman, ongi landutako olerki horiek irakurleari gehiago irakurtzeko grina pizten diotelako. Hirugarren saria Sarai Roblesen Euriaren kolorea lanerako izan da, euriari beste dimentsio poetiko bat ematen baitio, oso eraginkorra den hizkera xumean. Modalitate honetan Ainhoa Anduezarendako aipamen berezia ere eman da; izan ere, Saihetsen itsaslabarra lanak argitalpena merezi duela iritzi da.

Eneko Fernandezek, Belaunaldi galdua lanagatik, lehen saria merezi izan du bertso-paperetan; idazlanak, ganbaran aurkitutako argazki baten bidez, 80ko hamarkadara eramaten du irakurlea. Kontakizun oparoa da, aipamen zehatzez josia, eta, epaimahaiaren hitzetan, maisuki azaltzen du heroinak galduarazitako belaunaldian, Iruñean, bizirik iraun zuten gutxi haiek bizitakoa. Idazlan honetan bertsolaritzaren ezaugarriak, muga izan ordez, baliabidea izan direla iritzi du epaimahaiak, idazkiari doitutako melodia ederrak baitaude, eta kontakizun hunkigarria osatzen duen bertso-sorta ere bai. Bigarren saria Joanes Ilarregiren 5 € lanerako izan da; erritmoz eta umorez 5 euroko billete baten eta horren jabeen gorabeherak kontatzen dituen bertso-sorta da. Modalitateko hirugarren saria Esteban Arozenaren Garai beltzen kronika arrosa lanerako izan da; egileak lehen pertsonan kontatu du 50eko hamarkadaren amaieran jaiotako bertsolari baten bizitza, eta bertsoak “erabat galdu den bizimoduari buruzkoak dira, eta galtzear dagoen narrazio-moldean idatzita daude”.

Epaimahaiburua Maria Garcia-Barberena Kultura eta Berdintasuneko zinegotzia izan da, eta epaimahaikideak, Itziar Diez de Ultzurrun Sagalá itzultzailea, Josu Jimenez Maia idazlea eta Estitxu Arozena Albizu bertsolaria, Nafarroako Bertsozale Elkarteak proposatua. Idazkaria Jokin Campion Kultura eta Berdintasuneko Alorreko teknikaria izan da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!