Irakasle kontratatuen zerrendak kudeatzeko formula aldatzeko eskatu du Steilasek

Euskalerria Irratia 2019ko abe. 18a, 13:47

2008tik indarrean den irakasle kontratatuen zerrenden kudeaketarako araudiaren "bidegabekeria" salatu dute. Zerrenda bateratua ezartzea eta oposizioa eta kontratazio zerrenda bereiztea eskatu dute.

Steilasek "desegokitzat", "toxikotzat", jo du egun Nafarroan indarrean den irakasleak kontratatzeko araudia, eta azken urteetan Hezkuntza Departamentuan hartu diren "erabaki politiko askoren" ondorio dela adierazi du.

Sindikatuak txalotu du azkenaldian irakasle interinoen lan baldintzetan eman diren hobekuntzak -bost hilabete eta erdi lan eginda udako hilabeteetara kontratua luzatzea eta antzinatasun gradua onartzea-, baina kritikatu du 2008tik indarrean den irakasle kontratatuen zerrenden kudeaketarako araudia, orduan Hezkuntza kontseilari zen Carlos Perez-Nievasek ezarritakoa.

Hala ere, nabarmendu du araudia indarrean urte asko daramatzan arren, ez dela politika posible bakarra; hori dela eta, bi oinarri proposatu ditu: batetik, hizkuntza, profila eta espezialitate guztiak aintzat hartuko dituen zerrenda bateratua ezartzea; eta bestetik, oposizioa eta kontratazio zerrenda bereiztea, oposizioa lanpostu finkoa lortzeko tresna izan dadin, eta ez kontratu batekin lan egiteko ezinbesteko eskakizuna.

Horrez gain, zerrenda kudeaketa eraginkorra izateko beste bi urrats eskatu dituzte: zerrenda irekia mantentzea urte osoan, pertsona berriak modu arinean sartu ahal izateko, eta urtero zerrendetako pertsonalaren birbaremazioa egitea, irakasleen trebakuntza balioesteko.

Aldaketa horiek premiazkoak dira, Steilasen ustez, irakasle kontratatuei "presioa eta prekarietatea" eragiten dion kudeaketa bertan behera uzteko, eta pertsonen ongizatea lehenesteko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!