Greba deialdia babesten duten hainbat kolektibotako kideek hitz egin dute gaurkoan; besteak beste, Pentsiodunak Martxan, Oneka eta Sasoia pentsiodunen taldekoek, Ernaikoek, Etxaldekoek, SOS Arrazakeriakoek eta mugimendu feministakoek beren eskaerak eta aldarrikapenak mahaigaineratu dituzte, eta grebarako deia zabaldu dute.
Emakume pentsiodunen kolektiboari dagokionez, Onekatik soldata-arrakala kritikatu eta pentsio eta soldata duinak bezalako eskubide "premiazkoenak" defendatzera deitu dute, Eskubide Sozialen Gutunean jasotakoak. Ernaitik, bestalde, greban parte hartzeko arrazoiak adierazi dituzte, eta sistema kapitalista patriarkalak mugak ezartzen dituela eta gazteek emantzipazio duina izatea eragozten duela kritikatu dute.
Kolektibo feministek "egindako bidea" nabarmendu dute, eta une honetan feminismoaren aldarrikapenak "olatuaren gailurrean" daudela ospatu dute. Emakume migratzaileen kolektiboa ere aintzat hartzeko eskatu dute, eta zerbitzu publikoak "doakoak eta emakume guztientzat eskuragarriak" izan daitezela, "espainiar nazionalitatea ez dutenak barne". Migratzaileen aldetik, SOS Arrazakeriak bakarrik dauden adingabeen babes sistemak eta familia migratzaileen eskubideak defendatu ditu. Ikastetxeetan segregazioa amaitzea ere exijitu dute.
Mitxel Lakuntza eta Garbiñe Aranburu ELA eta LABeko idazkari nagusiak ere mintzatu dira gaurkoan, eta biek Chiviteren gobernuaren aurrekontuetan eta bereziki zerga erreforman jarri dute fokua. Aurrekontu "duin eta sozial" batzuk onartzeko aukera gutxi daudela dutela uste dute, eta hortaz, aurrekontuak grebarako beste arrazoi bat direla aldarrikatu dute.
Aranburuk hiru faktore ikusten ditu beharrezko aurrekontu duin batzuetarako: "Mugimendu sozial eta sindikalaren parte-hartzea, gastu mugarekin amaitzea, eta aberastasuna zuzen banatzea". Geroa Bairen jarrera kritikatu du LABeko idazkari nagusiak, PSNrekin batera patronalaren interesetara “makurtu” izanagatik. Lakuntzak, berriz, "albiste txartzat" jo du Chiviteren gobernuak EH Bilduren babesa jaso izana zerga erreforma aurrera ateratzeko, eta beste politika batzuk egiteko aukera dagoela esan du.
Batak zein besteak borroka ezberdinak batzearen garrantzia nabarmendu dute; borroka guztiak; sindikalismoaren, pentsiodunen, mugimendu feministaren eta gazteriaren borrokak, beste batzuen artean, sistemaren aurkako eta bizitzaren aldeko borroka direlako. Greban denak kalean batuko direla esan dute.