Parlamentura eraman dute euren aldarria pentsiodunek

Euskalerria Irratia 2019ko abe. 16a, 14:02

Astelehenero, Nafarroako erretiratuek elkarretaratzea egiten dute Iruñeko udaletxearen aurrean, euren aldarrikapenak entzunarazteko. Gaur, hitzordua ezberdina izan da, Nafarroako Parlamentura manifestazioa egin baitute euren aldarrikapenak aurkezteko.

Ibilbidean, 1.080 euroko gutxieneko pentsioaren aldeko eta pentsioen sistema publikoa pribatizatzearen aurkako kontsignak oihukatu dituzte, baita koroaren eta rmadaren partidei uko egiten zieten beste batzuk ere, pentsioetara bideratzea eskatzen zutenak.

Amona, Oneka, Pentsionistak Martxan eta Sasoian taldeetako ordezkariek euren aldarrikapenak jasotzen dituen agiria banatu dute. Lehenengoa da estatuko aurrekontuetan integratzea 1.080 euroko gutxieneko pentsioa bermatzeko beharrezkoak diren partidak, pentsioen errebalorizazio automatikoa eta trukea gutxienez KPIaren baliokidearekin, jasangarritasun-faktorea indargabetzea eta 2011ko eta 2013ko pentsio-erreformen alderdirik atzerakoienak indargabetzea.

Gainera, generoen arteko aldea murrizte aldera, neurri zehatzak eskatzen dituzte, hala nola kotizazio-aldiak esleitzea, familia-zaintzagatik lan-jarduera uzteagatik edo seme-alabak jaiotzeagatik, atzeraeraginez.

Horrekin batera, pentsioak duinak izan daitezen soldatak ere duinak izan behar direla nabarmendu dute, eta, horregatik, LGSa 1.200 euroraino igotzea eskatu dute. Horrez gain, zerga iruzurra jazartzeko, ezkutuko ekonomia desagertzeko edo pentsio plan pribatuei tratamendu fiskal pribilegiatua amaitzeko neurriak eskatu dituzte.

Nafarroan ere

Nafarroako erretiratuen kolektiboak erabat jakitun dira neurri horiek Espainiako Estatuaren eskumena direla, baina Nafarroatik pentsiodunen alde ere jardun daitekeela nabarmentzen dute. Nafarroako eragile politikoei eskatzen dizkieten neurri horien artean daude 1.080 eurora iristen ez diren pentsioak kopuru horretara iristen ez diren bitartean osatzea, mendekotasuna duten pertsonentzako zerbitzuetarako, etxez etxeko laguntzarako eta bestelako gizarte zerbitzuetarako aurrekontu-zuzkidura handitzea edo hirugarren adinekoen egoitza publikoen sare bat bermatzea.

Farmazia koordainketarako laguntzak, itxaron zerrenda mugatuak dituen eta landa eremuetan arreta egokia bermatuko duen osasun babesa, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa lortzen ez dutenentzat diruz lagundutako energia bonoa edo hiri eta hiriarteko garraioa ezartzea dira pentsiodunek Nafarroako Parlamentuan entregatu dituzten beste eskaeretako batzuk. ...

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!