Osasun Publikoak dekalogoa egin du haurtzaroan eta nerabezaroan pantailak modu seguruan erabiltzea sustatzeko

Euskalerria Irratia 2019ko abe. 12a, 18:58

Dekalogoan bildu dutenez, guraso eta profesionalen irizpidea funtsezkoa da pantailadun gailuen eta hezkuntza digitalaren erronkak artatzerakoan.

Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak (NOPLOI), Hezkuntza eta Eskubide Sozialetako Departamentuekin batera, haurtzaroan eta nerabezaroan pantailadun gailuak modu seguruan eta osasungarrian erabiltzea sustatzeko dekalogoa egin du, ‘III. Prebentzio Plana: drogak eta mendekotasunak’ Planaren esparruan.

Pantailadun gailuei ahalik eta probetxu gehien ateratzera bultzatu nahi du dekalogoak, Gabonetako erosketak aurrean ditugula kontuan hartuta, erantzukizunez jokatzen eta gailu horien abantailez eta desabantailez jabetzen lagun baitezake. Modu horretan, hamar aholku ematen dira dekalogoan, eta baliagarriak izan daitezke adin txikikoentzat nahiz helduentzat. Izan ere, azaldu dutenez, gurasoen egitekoa eta Osasuna, Hezkuntza edo Eskubide Sozialak bezalako eremuetako profesionalen papera funtsezkoa da Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) erronkak artatzerakoan.

Dekalogoa: pantailen erabilera segurua eta osasungarria

  1. Non erabiliko diren erabakitzea. Haurtzaroan eta nerabezaroan hobe da ordenagailua, kontsola, e.a. etxean denen aurrean izatea.
  2. Zenbat erabili erabakitzea. 2 urtetik beherako haurrek ez erabiltzea. Eragin negatiboa ez izatea loan, jolas tradizionaletan, harremanetan, ikasketetan,… Halaber, mugikorrik gabeko uneak izatea.
  3. Sarreren, edukien, jolasen,… egokitasuna eta garapen pertsonala kontuan izatea, gurasoen segurtasun eta kontrol erreminten, akonpainamenduaren, elkarrizketaren, orientazioaren eta abarren bitartez, adinari erreparatuta.
  4. Gailuak interesen araberakoak izatea zaintzea baina berez interesa bera ez izatea. Beti pantailei begira ez egotea. Haiekin bizitzea baina haientzat bizi gabe.
  5. Erabilera-denborak kudeatzea: egunean bi ordu baino gehiago ez. Halaber, aisiarako bestelako aukerez gozatzea.
  6. Norberaren pribatutasuna eta intimitatea zaintzea. Norberaren datuak, informazioak eta irudiak zaintzea eta babestea.
  7. Beste pertsonak errespetatzea. Irudika eta informazioak haietan agertzen direnen baimenarekin etiketatzea eta pasatzea. Lagun moduan nor onartu baloratzea.
  8. Konfiantzako eta tratu oneko harremanak egitea: nire burua onartzen dut eta baloratzen dut eta zu onartzen zaitut eta baloratzen zaitut.
  9. Norbera den bezalakoa izatea, mundu osoari gustatzen ahalegindu gabe, eta atsegin dut delakoen presioa ez jarraitzea.
  10. Galderak egitea eta laguntza eskatzea zalantzak izanez gero, jazarpena sentituz gero edo gustatzen ez zaigun zerbait sumatuz gero.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!