Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala irakurtzeko ekitaldi instituzionala, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunarekin bat eginez

Euskalerria Irratia 2019ko abe. 10a, 15:12
50 eragile bildu dira Nafarroako Parlamentuan.

Hualdek ezinbestekotzat jo du erakundeen boterea gizarte eragileen indarrarekin bateratzea, egunero eta hemen bertan ematen diren oinarrizko eskubideen urraketak murrizteko.

Giza Eskubideak Nafarroa erakundeak proposatuta, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala irakurtzeko ekitaldi instituzionala egin da gaur Nafarroako Parlamentuan, bere 71. urteurrena dela eta. 50 elkarte bildu dira parlamentuan. Unai Hualde Legebiltzarreko Lehendakariak ezinbestekotzat jo du “erakundeen boterea gizarte eragileen indarrarekin bateratzea, egunero eta hemen bertan ematen diren oinarrizko eskubideen urraketak denen artean murrizteko”.

Lehendakariak pasa den astelehenean Eledunen Batzarrak onetsitako Adierazpen Instituzionala gogora ekarri du, zeinak zeharo errefusatzen baitu gorroto-diskurtso oro, bereziki bakarrik dauden nerabe migratzaileak kriminalizatzea bilatzen dutenak, eta adierazi du une politiko eta sozial honek “konpromiso irmoa” eskatzen duela. “Oinarrizko giza eskubideak murriztearen aldeko alderdi ultra berrien agerkuntzaren aurrean, gaur, inoiz baino gehiago, horrelako ekitaldien beharra argitara ematen da. Parlamentuaren ordezkaritza lana, kolektibo sozialen bozgorailu gisa eta giza eskubideen defentsan diharduten eragile guztien lana hemen islatzen da”.

Idoia Onecak (CEAR) eta Iñaki Justesek (TTIPren kontrako ekimena) Giza Eskubideen Nafarroako Aldarrikapena irakurri dute, “giza eskubideen defentsara batzeko” deia egiten duen testua, “balio unibertsal hauekiko konpromisoa duen gizartea elkarbizitzan eta bakean bizi den gizartea baita, pertsona guztiak barne hartzen dituena, datozen lekutik datozela, eta eskubide guztiak aitortzen dituena”.

Ildo horretan, Osoko Bilkuren aretoan bildu diren 50 gizarte eragile eta elkarteetako ordezkariek, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala txandaka irakurriz, “sinergiak eraikitzeko eta elkarrekin lan egiteko” deia egin dute mundu justuago bat sortzeko helburuarekin. “Amesten dugun egun hori heltzen den bitartean, pertsona guztiak duintasunean eta askatasunean berdinak direla aitortzen ez den bitartean, lanean jarraituko dugu ekitatean, justizian eta askatasunean oinarritutako mundu baten alde, hiru balio hauek indarkeria ekidin eta indartzen gaituztelako”.

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala (GEAU) Nazio Batuen Batzar Nagusiak 1948ko abenduaren 10ean Parisko Chaillot Jauregian (Frantzia) 217 Ebazpen gisa onartu zuen dokumentu historiko bat da. Bigarren Mundu Gerraren ostean, egindako gehiegikeriak argi ikusi zirenean, nazioarteko komunitateak adostu zuen Nazio Batuen Erakundearen Kartak ez zituela nahiko ondo adierazten defendatzeko helburua zituen eskubideak, eta beharrezkoa zen norbanakoen eskubideak zehazten zituen aldarrikapen unibertsal bat egitea, Kartak aipatzen zituen giza eskubide horiek argitzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!