Nafarroako Gobernuak bat egin du Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren ospakizunekin, astebeteko ekitaldiekin

Euskalerria Irratia 2019ko abe. 9a, 19:05

Hainbat nazionalitatetako 23 lagunek euren bizitzaren historia kontatuko dute larunbatean Giza Liburutegietan.

Nafarroako Gobernuak, Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren bidez, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunarekin bat egin du hirugarren urtez jarraian, eta hainbat errealitate ezagutzen eta horiei buruz hausnartzen laguntzen duten jardueraz beteriko astea antolatu du. Abenduaren 10ean Nazio Batuen Batzar Nagusiak Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala onartu zuen egunarekin bat egiten du ospakizunak.

Eskubide guztiak pertsona guztientzat goiburua hautatu dute beste behin ospakizunerako, eta, oraingoan, jarduera ugari egongo dira herritarrak Giza Eskubideen inguruan sentsibilizatzeko eta planetan dauden errealitate ezberdinei begiratzeko.

Eskaintzaren helburua da adin guztietako publiko-mota guztietara iristea, haientzat antolatutako jarduerekin. Besteak beste, antzerkia, mimoa, erakusketa eta horri buruzko hitzaldia, ipuinak, sormena eta zuzeneko lekukotzak Giza Liburutegian aurkitzen dira hautatutako diziplina eta jardueren artean.

Zikloari asteazkenean, abenduak 11, emango zaio hasiera Carlos Martinezen mimo ikuskizunarekin. Civivox Iturraman izango da, eta horren asmoa da ikusleek barre eta irribarre egitea, baina baita negar ere, emozionatzea eta bereziki Giza Eskubideen enuntziatuen eta horiek betetzearen inguruan hausnartzea. Sarrera doakoa da, baina aurrez gonbidapena leihatilan hartu behar da, gutxienez emanaldia baino ordubete aurretik.

Hitzaldiak, ipuinak eta Giza Liburutegiak

Programazioak ostegunean, hilak 12, jarraituko du arratsaldean Alfons Aragonesesek “Uste osoarekin hiltzen. Aktion T4, eutanasia naziaren programa" erakusketaren testuinguruan eskainiko duen hitzaldiarekin. Zuzenbidearen eta Instituzioen Historiako irakasleak, Pompeu Fabra Unibertsitatekoak, erakusketaren gaiari buruzko ikuspegi partikularra eskainiko du; erakusketa azaroaren 26tik aurrera ikusgai dago Baluarte Jauregiko atarian.

Ostiralean, berriz, Juan Kruz Igerabide eta Lucía Baquedano idazleek jendaurrean aurkeztuko dituzte Giza Eskubideen Ipuinak, azaroan zehar 39 ikastetxetako Lehen Hezkuntzako 1.500 ikasle baino gehiagok egunetik egunera eta ikastetxetik ikastetxera idatzi dituztenak.

Aurten, berrikuntza nagusi moduan, Giza Liburutegia aipatu behar da; hau da, herritarrek honako hauen zuzeneko lekukotzak aurkitzeko eta ezagutzeko espazioa: migratzaileak, errefuxiatuak, desgaitasuna duten pertsonen senitartekoak, haur transexualen senitartekoak, eskola-jazarpena jasan duten pertsonak eta familiak, e.a.

Modu horretan, herritarrek aukera izango dute hautatutako pertsona-liburuarekin aurrez aurre egoteko, haiek kontatzen dutena entzuteko, haiekin hitz egin eta elkarrizketatzeko gutxi gorabehera ordu erdiko denboran.

Jarduera Gaztelu Plazan garatuko da larunbatean, abenduak 14, 16:30etik 19:00etara bitartean, eta parte hartu ahal izateko saioetariko bat erreserbatu behar da ondorengo estekan.

Larunbatean bertan, zuzendaritza nagusiak bigarren urtez jarraian topaketa antolatu du Elkarteekin, kaleko herritarrei modu bizian eta zuzenean erakusteko Giza Eskubideak urratzen dituzten errealitate ezberdinak eta Nafarroan hainbat ekimenaren bitartez burutzen diren elkartasuneko eta konpromisozko modu ezberdinak.

Horretarako, bi karpa jarriko dira Gaztelu Plazan. Lehen karpan, herritarrek ezagutu ahal izango dute elkarte ezberdinek zer-nolako lanak eta proiektuak jorratzen dituzten. Bigarren karpan, berriz, haurrentzako jarduerak egingo dira 11:00etatik 14:00etara bitartean, eta arratsaldez Giza Liburutegia egingo da. Amaitzeko, 19:30ean, musikarekin emango zaio amaiera eguneko jardunaldiari.

Hori guztia Giza Eskubideen alde lan egiten duten 25 elkarte hauen lankidetzari esker antolatu da: Nafarroako Gurutze Gorria, Nazioarteko Amnistia, Artoaren Emakumeak Elkartea, Nafarroako Mugarik gabeko Arkitektura, UNICEF, Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren aurkako borrokaren Sarea, Naizen, Paperak eta Eskubideak Denontzat Herri Plataforma, Nafarroako SOS Arrazakeria, ACNUR, CEAR, Duin Hiltzeko Nafarroako Eskubidea, ZASKA, Munduko Medikoak, Oxfam-Intermón, Salhaketa, Altxatu bullyingaren kontra, ANFAS, AFADENA, HELP NA, Iruñea Harrera Hiria, ANAS, P.I.C.A., PAH-NA eta SEI.

Programazioa igandean, abenduak 15, amaituko da Barañaingo Auditorioan eskainiko den “No es país para negras” komedia dramatikoarekin; hain zuzen ere, Silvia Albert Sopagak pertsonaia ezberdinak interpretatuaz eta hizkuntza fisikoaz baliatuta, umorez eta ironiarekin erakutsiko dizkigu arrazakeriaren, sexualitatearen, emakume beltzaren eta haren identitatearen inguruko ikuspegi ezberdinak. Horretarako, haren eta komunitate oso baten oroitzapenak erabiliko ditu, orain arte kontatu gabeko historiaren zati bat kontatzeko: Espainiako emakume beltzen historia.

“Inoiz baino beharrezkoagoa”

Aurkezpenean zehar, Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria den Ana Ollok aldarrikatu du egun “inoiz baino beharrezkoagoa” dela Giza Eskubideen alde ozen hitz egitea. “Kasu honetan, Astea antolatu dugu bereziki kezkatuta gaudelako eta uste dugulako pertsonen duintasuna defendatu beharra daukagula egun, munduko alde ezberdinetan, haien eskubideak zalantzan jartzen dituztenen aurrean”. Hori dela-eta, "ezinbestekoa da maneiatzen ez uztea, berdintasun eta elkartasun balioak indarrez eskatzea eta “Eskubide guztiak pertsona guztientzat” tinko defendatzea".

Amaitzeko, Ollok eskertu nahi izan du Giza Eskubideen alde lan egiten duten 25 elkarteren lankidetza, ekimen hau burutu ahal izateko; modu horretan, "horrek argi eta garbi erakusten du erakundeen eta elkarte-ehunaren arteko lankidetza-esparruan zer egin daitekeen".

Herritarrak jardueretan parte hartzera animatu nahi ditu Gobernuak eta pertsona guztientzat eskubide guztiak errespetatzen dituen gizartea eraikitzen laguntzera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!