Aberastasuna sortu eta berdintasun soziala eta garapen jasangarria sustatzeko konpromisoa agertu du Txibitek

Euskalerria Irratia 2019ko abe. 9a, 13:52

Nafarroako Gobernuaren 100 eguneko lanaren balantzea egin du presidenteak.

Nafarroako Lehendakariak, María Chivitek, azpimarratu egin du bere Gobernuak konpromisoa duela nafar herritarrekiko “konpromiso hirukoitza” garatzeko, zeinaren ardatzak diren aberastasuna sortzea, Espezializazio Adimenduko Estrategiaren bitartez; berdintasunaren aldeko borroka, Osasun, Gizarte Eskubide eta Hezkuntza politiken bitartez; eta garapen jasangarrirako, NBEk sustatzen duen 2030 Agendaren helburuak betez.

Lehendakariak, gaur emandako prentsaurrekoan, iragan irailaren 13an Gobernuak lehen 100 lan-egunetarako lehentasunezkotzat jo zituen 160 neurrien balantzea egin du.

Nafarroak dituen erronka nagusiak gogorarazi ditu María Chivitek, horien artean, enpleguaren kalitatea, gazteentzat bereziki; desberdintasuna ezabatzea, genero-desberdintasuna batez ere; ongizate-estatua sendotzea, zaharkitzeari, trantsizio teknologikoari eta klima-aldaketari aurre egiteko; eta lurralde-kohesioa handitzea. Haren iritziz, Nafarroak badu balio handiko elementu bat erronka horiei aurre egiteko: ezagutza, lehiatzeko balore gisa. “Nafarroak –adierazi du- aparteko gaitasuna du talentua sortzeko. Hori lehenbailehen eta era egokian bideratu beharra dago gizarteari iritsiko zaion erabateko berrikuntzarantz”.

Neurriak departamentuz departamentu

Agerraldian, Lehendakariak xehetasunak eman ditu Gobernuko departamentu bakoitzak azken hiru hilabeteetan hartutako lau neurri aipagarrienez.

Hala, esate baterako, Lehendakaritza, Berdintasuna, Funtzio Publikoa eta Barneari dagokionez, nabarmendu egin du 725 lanpostuko 2019ko Enplegu Eskaintza Publikoa onartu izana, apustu- eta joko-areto gehiago irekitzeko aldi baterako debekua eta gai horri buruzko departamentu arteko talde baten sorrera. Halaber, Espainiako Gobernuarekin hainbat akordio lortu dira Nafarroako eskuduntza-erregimenaz.

Antolamendua, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoen Departamentuak etxebizitzak birgaitzeko salbuespen fiskalak eta Erripagañarako plan globalaren prestakuntza sustatu ditu, eta bizigarritasun-araudia etxebizitzaren esparruko errealitate berrietara egokitzeko aldaketak abiarazi ditu. Alokairu publikoko pisuetarako laguntza-neurri berriak ere sortu dira.

Lurralde Kohesioa Departamentuaz den bezainbatean, Lehendakariak aipatu ditu Belate-Almandozeko tunelak hedatzeko erabakia, errepideen arloan finantzazioa adosteko parlamentuan lantalde baten osaketa, Despopulazioari aurka egiteko Borroka Batzordea eratzea eta Pamplona-Iruña eta Soria artean errepide bidezko garraio publikoa abian jarri izana.

Ekonomia eta Ogasunaren esparruan, azpimarratzekoa da neurri fiskalak ekarriko dituzten hiru lege-proiektu onartu izana, PFEZren balioaren deflaktazioari, aitatasun eta amatasunagatiko kenkariei eta enpresa-ondarearen gaineko zergan egindako aldaketei dagozkienak. Era berean, Hitzarmen Ekonomiko berriaren negoziazioa abiarazi da, maileguak birfinantzatzeko plan bat onartu da eta iruzurraren aurkako borroka indartzeko lan-deialdia egin da.

Garapen Ekonomiko eta Enpresariala Departamentuaren hilabeteotako lan nagusiak izan dira berrikuntza digitalaren guneari dagokion departamentu arteko batzorde bat sortzea, 2020-2023rako S3 Espezializazio Adimenduko Estrategiarako erronka estrategikoak lantzea eta Big Data laborategia martxan jartzea. Horrez gain, 2 milioi gehiago eman zaizkie konputazio aurreraturako eta sekuentziazio genetikorako diru-funtsei.

Migrazio Politikak eta Justizia arloan, Emakumeenganako indarkeriaren aurkako Balorazio Integral Unitatearen beharrizanak asetzea eta delituen biktimei arreta psikologikoa emateko eta biktima eta erasotzaileentzako programa terapeutikoetarako laguntzen deialdia izan dira ekinbiderik garrantzitsuenak. Familientzat espresuki sortutako instantzia-epaitegia eta migrazioaren eremuko neurriak ere gehitu dira balantzean.

Hezkuntza Departamentuak, denbora-tarte honetan, lanpostuen arloko premiei erantzutea izan du lan nagusia, eta 3.334 irakasle kontratatu ditu (aurreko ikasturtean baino 781 gehiago). Lanbide Heziketa ere bultzatu du, Zuzendaritza Orokor espezifiko bat sortuz, eta Skolae hezkidetza programa ehun ikastetxe baino gehiagotara zabaldu du. Gainera, aukera gutxiago dituzten ikasleak ikastetxeen artean era orekatuagoan banatzea sustatzeko lantaldea eratu da.

Bere aldetik, Eskubide Sozialak Departamentuak 5,3 milioira arte handitu ditu gazteak, langabezian luzaroan egondakoak eta autonomo berriak lan-merkatuan sartzea ahalbidetzeko diru-funtsak. Horrez gain, Nafarroa osoan Mendekotasuna dutenentzako laguntzen eta zerbitzuen izapidetzea arindu du sarbide telematikoaren bidez, eta desgaitasun fisikoa dutenentzako garraiorako eta eguneko egoitzetarako bi hitzarmen adostu ditu. Azkenik, Gizarte Berrikuntzarako Laborategi Iraunkorra sortu du NUPekin eta Nafarroako Unibertsitatearekin batera.

Osasun Departamentuaz den bezainbatean, nabarmentzekoa da sei osasun-eremutan arreta-eredu berria martxan jarri izana Erizaintzako langileei eskumen eta erantzukizun gehiago emanik, baita ere ospitaleen eremuan kontsulta-zirkuitu eta eginkizun berriak ezarri izana. Bestalde, itxarote-zerrenden goranzko joera geldiarazi da, eta irizpideak finkatu dira Pertsonalizatutako Medikuntzari (PM) ekiteko; genomikarekin zerikusia du PMk, eta osasungintzaren muina izanen da heldu diren urteetan.

Herritarrekiko Harremanak arloan, ekinbide garrantzitsuenak izan dira Iruzkunen frankismoaren 20 biktima lurpetik ateratzea, kanpoan bizi diren nafar herritarrei zuzendutako Next Estrategia webgunea argitaratzea, Sarean Euskarazen III. Edizioa egitea, eta Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearen Batzarra egitea Iruñean.

Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitala Departamentuak 29 milioi euroko laguntza-deialdia egin du I+G proiektuetarako, eta Banda Zabalaren Plana foru intereseko inbertsio izendatu du. Era berean, aktiboki parte hartu du, Osasuna eta Garapen Ekonomiko eta Enpresariala departamentuekin batera, medikuntza pertsonalizatuko nafar estrategia integrala ezartzeko departamentu arteko batzordean. Bestalde, lantalde bat abiarazi du NUPeko Medikuntza, Psikologia eta Erizaintza eraikin berria lizitatzeko.

Azkenik, Lehendakariak Landa Garapena eta Ingurumena Departamentuaren ekintza nabarmenenak aipatu ditu: NPBren aurrerapena azkar ordaintzea (52,7 milioi euro), 2019-23 Baso Agenda onartzea, iragan uztaileko euri-jasak Nafarroako Erdialdean eragindako kalteak arintzeko 3,4 milioi euroko laguntza-deialdia egitea, eta mehatxatutako fauna- eta flora-espezieak babesteko katalogoa gaurkotzea.

Azkenik, Kultura eta Kirol Departamentuari dagokionez, aipatzekoa da Kultura Eskubideei buruzko Foru Legearen garapena, Nafarroako Kultura eta Arteen Kontseilua eta kulturaren atari digitalaren proiektua abian jarriz; laguntzen berrikuspena inplikatutako eragileekin batera; kirolean berdintasuna sustatzeko neurriak praktikan jartzea; eta kirol-instalazioen errolda eguneratzea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!