Baso-sute bat itzaltzeko kostua 10.000 euro ingurukoa izan daiteke hektareako

Euskalerria Irratia 2019ko abe. 5a, 10:19
2016an, Tafalla aldean izandako sutea (Argazkia: Nafarroako Gobernua)

Baso-suteak klima-aldaketaren aurrean 'jardunaldi teknikoak, 2016an Tafallan edo otsailean Goizuetan gertatutako ezbeharretan meteorologiak izandako eraginak eta prebentzio-politiketan inbertitzeko beharra aztertu zituen

Baso-sute bat itzaltzeko giza baliabideen eta baliabide materialen esku-hartzeak 10.000 euro inguruko gastua dakar. Duela gutxi Iruñean 'Baso-suteak klima-aldaketaren aurrean' jardunaldi teknikoan parte hartu zuten adituek datu ekonomiko hori eman zuten.

Baliabide publikoak optimizatzea, erretako zonetako biztanleentzako kostua, ingurumenerako kostua eta aldaketa klimatikoak sute handietan duen eragina (2016an Erdiko Zonan edo pasa den otsailean Goizuetan gertatutakoak bezala) direla-eta, Nafarroako Baso Agendan jasotako bezalako neurriak hartu beharra daude horiek prebenitzeko edota ondorioak gutxiagotzeko.

Jardunaldia INAPeko Pio Baroja aretoan burutu zen, eta hori egiteko ekimena Nafarroako Gobernuko Babes Zibilaren eta Larrialdien Zerbitzuak hartu zuen. Peio Oriak, AEMETek Nafarroan duen delegatuak, aldaketa klimatikoak izango dituen ondorioetariko batzuk aurreratu zituen, tartean muturreko tenperaturak eta bero-boladen intentsitatea eta maiztasuna gehitzea, eta, ondorioz, lurra eta landaredia gero eta gehiago lehortzea. Hori dela-eta, erregai bilakatu eta suteak pizteko aukera handiagoa izango zela esan zuen. Halaber, ekaitzak biziagoak izango direla adierazi zuen, baina suteak izateko arriskua berdin-berdin egongo zela, Tafallan 2016ko abuztuan gertatu bezala, aurreko asteetan hiru eguneko ekaitzak izan baitziren, udan lurruntze oso handia izateagatik.

Orobat, Oriak gehitu zuen, prebentziozko neurririk hartu ezean, basoan gero eta azalera gehiago izango dugula erreta, besteak beste, landa-guneak landu gabe daudelako eta basoetako sasiak jaten zituzten artaldeak edo abereak desagertu direlako edota basoetako egurra ere energia-iturri moduan aprobetxatzen ez delako. Ondorioz, gero eta erregai gehiago dago basoetan, eta lehortea medio sukoiagoa izango da. Horrela, sute gehiago izatean, karbono dioxidoa (CO2) gehituko da; hau da, aldaketa klimatikoa eta berotze globala eragiten duen gasetariko bat, eta, modu horretan, atzera elikatuko da.

Goizuetako eta Tafallako suteak

Aldaketa klimatikoak dakarren meteorologia dela-eta, gero eta maizago gertatuko dira Nafarroan izandako azken bi suteak bezalakoak; hots, Tafallako sutea 2016an eta Goizuetan izandakoa pasa den otsailean.

AEMETeko delegatuaren arabera, arriskutsuak izan daitezkeen bi egoera daude, eta biak hego osagaiko haizea dagoenean gertatzen dira: lehena batik bat neguan izaten da, eta batzuetan udazkenean, eta bereziki Kantauri aldean eragiten du; bigarrena, berriz, udako hilabeteetan saharar haizea dabilenean gertatzen da, eta horren ondorioak Nafarroako Erdiko Zonan eta Erriberan antzematen dira. Datu historikoen analisiari erreparatuta, esan daiteke hego haizeekin sute askoz ere handiagoak sortzen direla saharar haizeekin baino, baina hauekin azalera gehiago erretzen dela.

Goizuetan 2019ko otsailaren 27an piztutako sutea neguan hego haizeekin gertatzen den ohiko sutea da. Hezetasuna egunean zehar %40 baino baxuagoa izan zen; hau da, oso baxua zonako ohiko batez bestekoarekin alderatuta, eta otsaila izateko tenperaturak oso altuak ziren (25 gradutik gorakoak), 30km/h-ko haizeekin. Kantauriko eskualdeetan (Bidasoa, Bertiz, Baztan, Malerreka, e.a.) egoera hori dagoenean, AEMETen indizeko sute-arriskua oso altua edo muturrekoa izan ohi da, udazkeneko edo neguko egoera antizikloniko oso iraunkorrak izateagatik; hots, hainbat astetan segidakoak, eta egonkortasun atmosferikoa handiarekin. Antizikloiak hego haizeko fluxua eragiten du, eta tokian bizkortu egiten da Artesiaga-Belate-Orokieta zubiko banalerroa igarotzean.

2016ko abuztuaren 25ean, Tafallako sutea 28 graduko tenperaturarekin hasi zen, eta orduak igaro ahala gehitzen joan zen; hezetasun erlatiboa oso baxua zen (%20), eta 40 km/h-ko haize-boladak zeuden, hego-ekialdekoak, beroak eta lehorrak, Saharako desertutik etorri eta Ebroko haranean gora egin zutenak. Egoera horren aurretik egun edota aste lehorrak izan ohi dira; beraz, gerta daitezkeen ekaitzek ia ez dute eraginik izaten, eguneko lurruntzea udan oso aktiboa baita. Egoera horietan, AEMETek suteak izateko arriskuaren indizea ere igotzen du balio oso altu edo muturrekoetara bitarte.

Nafarroako Baso Agenda

Jardunaldian Nafarroako 2019-2023 Baso Agenda aipatu zen, Foru Gobernuak onartua pasa den azaroaren 13an. Bertan, suteei aurre hartzeko prebentziozko neurriak hartu behar direla esaten da. Jorge Iñestak egin zuen, Nekazaritza Ministerioko-TRAGSAko BRIF/EPRIF gailuaren teknikariak, eta gogoratu zuen Agendan, Prebentzio proaktiboaren programaren atalean, esaten dela aldaketa klimatikoaren efektuak lurraldeek ez dituztela beren gain hartzen, harik eta fenomeno larri bat gertatu arte; hau da, ingurumen edo ekonomia arloko galerak dakartzan sute handi bat edota gizakien bizitzak arriskuan jartzen dituena. Dokumentuaren arabera, baso-sute bat itzaltzea 10.000 euro inguru kosta daiteke hektareako, tartean aireko baliabideak lanean aritzen badira, eta zenbateko horri sutearen ondorengo lanen zenbatekoa gehitu behar zaio. Gainera, “behin krisia gaindituta, zikloa berriro hasten da, urte gutxi batzuk barru hasierako egoera berera itzuliaz”; hortaz, egoera betikotu egiten da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!