Foru Legebiltzarrak Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin batera antolatuta, 1979ko apirilaren 3ko hauteskundeen berrogeigarren urteurrena oroitzeko ekitaldi instituzional bat ospatu du gaur. Unai Hualde Legebiltzarreko Lehendakariak azaldu duenez, Nafarroa “politikoki, ekonomikoki, sozialki, kulturalki eta zerbitzu arloan onbideratzen lagundu duten pertsona guztiei zuzendutako aitortza eta omenaldi kolektiboa” egiteko xedez, “data garrantzitsu” hau gogoratuz.
Lehendakariak honela, Nafarroan “elkarrizketan eta desberdintasunen arteko akordioetan oinarrituta, egonkortasun instituzionaleko epe luze bat gauzatu duen elkarbizitza eredua osatzen parte hartu duten parlamentariak, alkateak, zinegotziak, diputatu eta senatariak” oroitu nahi izan ditu. “Estatu mailan gertatzen ez den bezala, Nafarroan aniztasuna aberastasunaren sintoma da, ez desoreka edo ahultasun sintoma”.
Nafarroako eragile eta ekintzaileei esker ona adierazi die Hualdek, “haiek gabe 2019ko Nafarroa bestelakoa bailitzake”, eta jarraian, “gertuko politika” aldarrikatu du, “egun politikak duen mespretxuzko karga horren guztiz kontrakoa, hain zuzen. Udaletan egiten den lana gertutik ezagutzen dut, eta zalantzarik gabe baiezta dezaket ehunka pertsona horien lana dela kritika horien aurkako erantzun pisutsuena”.
“Autogobernuaren 40 urteak” laburbiltzeak duen zailtasunaren jakitun, Lehendakariak arlo politikoari dagokionez, gizarte publikoak eta zerbitzu publikoak lortzeko aurrera eramaten den garapen ekonomiko eta enpresariala azpimarratu du. “Gure hezkuntza eta osasungintza Estatuko hoberenen artean kokatzen dira eta horretarako ekarpen handia egin dute tokiko eta foru erakundeek. Politika bera, lantzen diren gaiak eta hauei ekiteko modua asko aldatu da, baina oraindik ere zain gaude aitortu zaizkigun baina oraindik eskualdatu gabe dauden konpetentzia garrantzitsuak eskuratzeko”.
Trafikoaren arloan hartutako konpromisoari dagokionez, Unai Hualdek “legegintzaldi hasi berriak emandako aukera probesteko” deia egin du, “akordioan oinarrituz, Estatuarekin dugun harremanaren inguruko filosofiarekin bat datorren alde biko jarreratik. 40 urte pasa dira 1979ko Parlamentu hark urte batzuk geroago Lorafna izango zenaren oinarriak onetsi zituenetik, eta autogobernua eta bere garapena Legebiltzar honetan gehien lantzen diren gaien artean daude oraindik ere”.
Lehendakariak, bestalde, “Nafarroako biztanleriaren parte bat ordezkatzeagatik eta beren ideiak defendatzeagatik mehatxatuak edo erailak izan diren” pertsonak oroitu nahi izan ditu. “Intentsitate altuko edo baxuko indarkeria jasan zuten haiei” zuzendu zaie, “inoiz gertatu behar ez zen zerbait” izan zelako. “Doakiela hemendik gure omenaldi eta elkartasun zintzoena. Zorionez, gaur gure esfortzuak elkarbizitzan sakontzen erabiltzen ditugu, baita berriz gerta ez dadin, oroimenean edukitzea komeni den iraganeko zauriak sendatzen ere”.
Nafarroako gizartean eta Parlamentuan bertan urte hauetan eman diren aldaketak aipatu ondoren, Hualdek amaiera gisa, eskerrak eman dizkie Legebiltzarraren menpe dauden bi erakundeei, Kontuen Ganberari eta Arartekoari, “etxe honetako langile guztiei”, eta bereziki aurreko hamar Lehendakaritzei, “zalantzarik gabe lurralde honetako aniztasunaren ikurra” baitira.
Jarraian, Nafarroako Parlamentuaren eta Toki Korporazio demokratikoen 40. urteurrenaren kariaz onetsitako Adierazpen Instituzionala irakurri dute talde parlamentarioetako ordezkariek.
Ondoren, Peraltako alkate eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko Lehendakari den Juan Carlos Castillok hartu du hitza. Udalek gaur egun 1979 urtean zuten erronka antzekoa dutela aipatu du, izan ere, orduan udalek “herritarrei euren udalerrietako gobernuak itzuli zizkieten, baita egun bizi dugun ongizatearen oinarri den Administrazio eredua eraiki ere”, eta orain, erronka “gertuko gobernu horren zeregina birdefinitu eta berrasmatzea da”.
“Entzumenaren, elkartasunaren eta justizia zentzuaren jarreran oinarritutako errezeta berritzaile hark bizilagunen eskaerei erantzun egokia ematea ahalbidetu zuen. Gaur egungo mehatxuek, aldiz, planetaren suntsiketak, migrazioek, digitalizazioak, zahartzeak edo landa eremuetako despopulatzeak, erantzun berriak eskatzen dituzte”, adierazi du Castillok.
Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko Lehendakariak amaitzeko bat egin du foru erakundeekin, Gobernu eta Parlamentuarekin. “Elkarrekin jaio ginen eta elkarrekin hazi gara, elkarlanean eta helburu berarekin, Nafarroaren garapena eta bere herritarren ongizatea”.
María Chivite Nafarroako Gobernuko Lehendakariak, ekitaldia ixteko, eskerrak eman dizkio “esfortzu handiz, zenbait kasutan norberarekin biziarekin ere, demokraziaren gauzatzea ahalbidetu zutenei, baita egun ditugun eskubide eta askatasunez gozatzeko beren konpromisoa eta ardura erakutsi zutenei. Egungo errealitate instituzionala borrokalariz betetako belaunaldien emaitza besterik ez da, eta hori, herritar eta demokrata gisa, poztasun izugarria da”.
Chivitek “elkarrizketaren, negoziazioen eta akordioen” indarra azpimarratu du, “askatasunaren ezinbesteko balio eta printzipio” diren heinean, “demokrazia lantzen eta hobetzen ez bada, atzera pausuak eman litezkeela” gogorarazteko. “Ez dugu parlamentu apaingarririk nahi, ezta ahalmenak murriztuak dituen erakunderik ere. Gobernu honek eskubide eta askatasunen alde borrokatzen du, garapen justuan aurrera pausuak eman nahi ditu, oparotasun konpartitua bilatzen du, aukera berdintasuna, errespetua eta elkarbizitza. Aurreko mendera eta aurreko testuinguruetara itzuli nahi duten haien parean gaude. Bizi dezagun gure aniztasuna normaltasunean, tentsio edo borrokarik gabe. Pentsamendu kritikoa pentsamendu bakarraren gainetik nahiago dugunok gehiengoa gara”.
Lehendakariak amaitzeko Parlamentuak erakunde gisa duen bizitasuna azpimarratu du, “herritarren konpromisoaren ispilu argia baita, eta udal eta toki entitateetatik egiten den lan garrantzitsu eta ikusezina” ere nabarmendu du. “Ez da erraza gertukoa, egunerokoa eta premiazkoa kudeatzea. Eskerrik asko zuen denbora herriei eskaintzeagatik. Ezin ditugu hiltzen utzi. Etorkizuna eskaini behar diegu aberastasunaren eta aniztasunaren ispiluaren elementu bat gehiago izaten jarrai dezaten. Nire eskerrik onenak parlamentariei, 40 urte hauetan bakoitzak dagokion lekutik egindako lanagatik”.
Ekitaldiari hasiera emateko Kontserbatorioko Kuartetoak Nafarroako ereserkia jo du, baita ospakizuna musikaz lagundu ere.
Lehen Parlamentu demokratikorako hauteskundeen berrogeigarren urteurrena oroitzeko antolatutako ekitaldira bertaratu direnen artean egon dira Parlamentuko Mahaiko kideetatik Lehen Lehendakariordea Inmaculada Jurío, Bigarren Lehendakariordea Yolanda Ibáñez eta bigarren idazkaria Maiorga Ramírez; talde parlamentarioetako ordezkari eta eledunak; Nafarroako Gobernuko Lehendakari ohiak Uxue Barkos, Juan Cruz Alli eta Jaime Ignacio del Burgo; Parlamentuko Lehendakari ohiak Javier Gómara, Elena Torres eta Alberto Catalán; Carlos García Adanero Diputatua; Foru Komunitateko Senataria den Koldo Martínez; Gobernuko ordezkaria Nafarroan José Luis Arasti; Javier Enériz Arartekoa; Xabier Gartzia Gazte Parlamentuko Lehendakaria eta hainbat udalerritako alkate eta zinegotziak.