Maria Txibite lehendakariak 25 urteko ibilbidean Nafarroako Garuneko Lesioaren Elkarteak (Adacen) kaltetutakoekin eta haien senideekin eta ingurukoekin izandako “konpromiso eskerga” aitortu du gaur, asteartearekin, Nafarroako Egunaren ekitaldi nagusian.

Lehendakariak azaldu duenez, hasieran lan horren helburu nagusia beharrizan soziosanitarioei arreta ematea zen, eta “ausarki” eboluzionatu du “ezinbestekotzat dugun eremu horretarantz: berrikuntza, garapenaren eragile gisa, ez ekonomikoa soilik, baita soziala eta osasun-arlokoa ere”.

Hala adierazi du Txibite lehendakariak Adaceni Nafarroako Urrezko Domina ematean. Elkarteko presidenteak, Jose Luis Herrerak, eta bi erabiltzailek, David Sanzek eta Esther Azketak, hartu dute saria. Hori baino lehen, Marisol Gómez Fernándezek, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle titular eta Adacenen LivingLabeko ikertzaile-laguntzaileak, saria merezi izateko Adacenen merituak aipatu ditu.

Kirol Departamentuak Iruñean duen egoitzako isabeldar patioan egin dute ekitaldia, eta han izan dira Foru Komunitateko agintari gorenak, bertzeak bertze Nafarroako Gobernuko kontseilariak, Unai Hualde Parlamentuko Lehendakaria, José Luis Arasti Espainiako Gobernuaren ordezkaria Nafarroan, Parlamentuko kideak eta alkateak.

Iruñeko In Tempore Abesbatzari egokitu zaio ekitaldia musikaz janztea. Nafarroako Ereserkiaz gain, Carlos Etxeberria eta Inma Errearen "Biziaren hotsak"; Kim André Arnesen eta Euan Taiten "The Strangers"; eta Ola Gjeilo y Christina Rossettiren “The Rose” obrak kantatu dituzte.

Eredu berriak erronka berrietarako

Hitzaldian, Txibite lehendakariak aipatu du, halaber, berriki Adacenek bat egin duela Europako Living Lab-en Sarearekin (ENoLL), zeinak industria, ikastegiak, administrazioa eta elkarteak uztartzen baitituen. Hain zuzen ere, Aspacerekin, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin eta Nafarroako Gobernuaren Berrikuntza Sozialaren Unitatearekin elkarlanean aritzen da Adacen. Aitzinerako urrats hori “oso garrantzitsua” dela esan du María Chivitek, “XXI. mendeko gizartean egin beharreko bidea zein den erakusten baitu: eredu berriak erronka berrietarako eta errealitate berrietarako”.

“Zuen ausardiari eta apustu adoretsuari”, jarraitu du Txibitek, “gehitzen zaio Adacenen hainbat arlotan diharduten profesionalen kemena, hala nola pertsona horien alde eginahalak eginez denbora eta maitasuna eskaintzen dituzten boluntarioena”. “Erdigunean pertsonak jartzeko duzuen era laudagarria dela” ere nabarmendu du lehendakariak. “Haien beharrizan soziosanitarioak asetzea nahikoa ez, eta pertsonen osotasuna aintzat hartzen duzue, horregatik hartzen duzue ardura haien ongizate emozionalaz, aisialdi inklusiboaz edo norberaren autonomiaz”, gaineratu du.

Adacenen esker ona

Bere aldetik, Nafarroako Garuneko Lesioaren Elkarteko presidenteak, José Luis Herrerak, Urrezko Domina ematea eskertu dio Nafarroako Gobernuari, eta adierazi du “CERMINen barruan beharrizan soziosanitarioak artatzeko irabazi asmorik gabeko eredu baten alde lan egiten duten desgaitasunaren alorreko elkarteena” ere badela jasotako saria.

Duela 25 urte Adacenek egindako lehen urratsak oroitu ondoren, José Luis Herrerak azpimarratu du “lanaz eta konpromiso pertsonal handiz iritsi garela gaur egun garena izatera: 60 profesionaleko lantaldea, egoitza bat, eguneko bi zentro, arreta anbulatorioko gune bat, udaletxeekin lankidetzan kudeatutako zahartze aktiborako zerbitzuak, trebakuntza-gune bat, iktusean espezializatutako errehabilitazio-zerbitzuak, enpresetan garuneko lesioak eta zahartzea prebenitzeko kanpainak, neurologiako errehabilitazioan espezializatutako Europako lehen living lab-a, eta abar”.

José Luis Herrera azaldu du Adacenek konpromisoa duela “berritzeko, elkarlanean aritzeko eta batzeko gai izatearen alde”. “Nafar gizartearentzat ezinbestekoak izaten jarraitu nahi dugu, eta erakutsi nahi dugu Adacenen gisako gizarte-erakunde baten bidez badirela bestelako erak pertsonen benetako premiei arreta emateko”, esan du azkenik.