Haurrentzako antzerki-zikloa antolatu du gobernuak Euskararen Nazioarteko Eguna dela-eta

Euskalerria Irratia 2019ko aza. 26a, 14:32

La Piel taldeak 'Potxa eta Florin, istorio eta ipuin' ikuskizuna eskainiko du; Zirika Zirkusek 'Zinemaz blai' ikuskizuna eta Yarleku konpainiak 'Numenak' muntaia. Izu, Tutera, Tafalla, Ziarruitz, Artazu, Auritz, Erronkari, Zangoza, Irurita eta Lodosan izanen dira emanaldiak.

Nafarroako Gobernuak bat egin du Euskarabidearen bitartez Euskararen Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin; hain zuzen ere, 1949. urteaz geroztik, abenduaren 3an izaten da. Oraingoan, familientzako antzerki-zikloa programatu da beste behin, batik bat haurrei zuzenduta, eta Nafarroako geografia osoan banatutako 10 herritan ikus ahal izango da.

Antzerki-zikloa abenduaren 1ean hasi eta abenduaren 8an amaituko da, eta honako herri hauetara iritsiko da: Izu, Tutera, Tafalla, Ziarruitz, Artazu, Auritz, Erronkari, Zangoza, Irurita eta Lodosa.

Oraingo honetan ere, Nafarroako hiru konpainiak egingo dute emanaldia. La Piel, Zirika Zirkus eta Yarleku taldeek euskarazko saioak eskainiko dituzte, ordubete ingurukoak.

La Piel taldeak “Potxa eta Florin, istorio eta ipuin” ikuskizuna eskainiko du; Zirika Zirkusek “Zinemaz blai” ikuskizuna eta Yarleku konpainiak Numenak muntaia.

Bizikidetza-balioa

Aurkezpenean, Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria den Ana Ollok euskarak Nafarroari ematen dion bizikidetza-balioa nabarmendu nahi izan du. “Euskara bultzatu nahi dugu bizikidetzaren ikuspegitik; hau da, balio erakargarri eta balio erantsi moduan, alderdien eztabaidatik urrunduta eta etorkizuneko hizkuntza bezala”.

Ollok, halaber, gogoratu du ikuspegi hori programa-akordioan jasotzen dela, eta “euskararen inguruan akordio sozial eta politiko zabala bultzatzearen aldeko apustua egiten du, alderdien eztabaidatik eta konfrontaziotik aldenduta”.

Gainera, ikuspegi hori hainbat autonomia-erkidegok partekatzen dute. Horrela azaldu du Euskarabidearen zuzendari kudeatzaile Mikel Arregik, eta gogoratu du pasa den asteazkenean Bilboko akordioa sinatu zutela Galizia, Katalunia, Euskadi, Balearrak, Valentzia eta Nafarroako hizkuntza politikako arduradunek egindako bileran. Akordioan, euskara alderdien eztabaidatik kanpo uztearen alde agertu ziren. Intolerantzia-mezuen aurrean, autonomia-erkidego guztiek hizkuntzen aldeko apustua egin zuten, bizikidetzako elementu gisa.

Era berean, kontseilariak nabarmendu du abenduaren 3an Nafarroak “asko duela ospatzeko, Foru Komunitatearen Eguna eta Euskararen Eguna egun berean baitira”. Nafarroako historia euskararen historiarekin batuta dagoela esan du, hizkuntza hori bertako jendeen hizkuntza bezala agertzen baita historian zehar”.

Euskara, gaztelerarekin batera, Nafarroako gizartea kohesionatu behar duen balioa da. “Balio horietaz harro sentitu behar dugu”. “Euskararen gainean, ikuspegi berri bat behar dugu, nafar guztiak batuko gaituen hizkuntza gisa, bai gazteleraz hitz egiten dutenak, bai elebidunak”.

Horrez gain, honela azpimarratu du: “hizkuntza bizirik dago, eta gazteek gero eta gehiago hitz egiten dute. Gogoratu behar da 16 eta 24 urte arteko gazteen %25a euskaldunak direla, eta kopuru hori argi eta garbi igotzen ari dela. Beraz, era honetako ekimenek harrera ona dute familiek eta haurrek osatutako publikoan”.

Euskara bultzada berria izaten ari da azken garaiotan, eta mundu osoan 750.000 bat pertsonak hitz egiten dute. Ethnologue web orrialdearen arabera, lurrean 7.106 hizkuntza hitz egiten dira, eta euskara 500. lekuan legoke. Interneten erabileran, berriz, 51. zenbakian egongo litzateke.

UNESCOren arabera, euskara 42.a da sarean gehien itzulitako orrialdeen zerrendan, eta aipatzekoa da Google, Facebook, Youtube, Twiter, Live, Wikipedia edo Wordepress bezalako Interneteko enpresa askok euskarazko bertsioa dutela. Wikipedian euskaraz 285.000 orrialde baino gehiago daude, eta 31. postuan aurkitzen da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!