Mankomunitatearen baxera berrerabilgarriak plastikozko erabilera bakarreko milioi erdi tresna xahutzea saihestu du

Euskalerria Irratia 2019ko aza. 22a, 11:50

Nafarroako Gobernuak eta Iruñerriko Mankomunitateak entitateen eta elkarteen eskura jartzen dute baxera berrerabilgarria. Guztira, 336 ekitalditan erabili dute.

Aurtengo urtarriletik urrira bitartean 50.000 lagunek baino gehiagok erabili dute foru gobernuak, Nafarroako Hondakinen Partzuergoaren bidez, eta Iruñerriko Mankomunitateak toki erakundeen esku utzi duen baxera berrerabilgarria. Ontziteria hori herri ekitalditan erabiltzeak erabilera bakarreko plastikoari aurre egiten laguntzen du, eta edalontzi, mahai-tresna, plater, katilu eta besteren artean plastikozko 500.000 pieza erabiltzea saihestu du 10 hilabetean, Foru Gobernuak ohar baten bidez jakitera eman duenez.

Alde horretatik, zerbitzuak etorkizunean platerak, edalontziak, katiluak, janari-erretiluak eta erabilera bakarreko antzeko beste tresna batzuk saltzeko etorkizuneko debekuari aurrea hartzen dio.

2019ko lehen 10 hilabeteetan, Hondakinen Partzuergoak eta mankomunitateak 38.000 herritar ingururi eman diete zerbitzua. Datu horiei gehitu behar zaizkie Bortziriak, Izarbeibar, Malerreka, Erribera eta Baztango mankomunitateek lehendik zituzten baxera propioen erabiltzaileak. Guztira, 336 ekitalditan erabili dira baxera berrerabilgarriak, eta 50.764 laguni eman zaie zerbitzua ehundik gora udalerritan.

Toki entitateek eta interesa duten elkarteek eska dezakete baxera horiek erabiltzea, inprimaki baten bidez, Nafarroako Gobernuaren Ekonomia Zirkularraren Prebentzio eta Sustapenerako Bulegoaren webgunean (https://oprec-navarra.com) eta mankomunitatearenean (http://www.mcp.es/residuos/solicitud-vasos-reutilizables-par...). Bi erakundeetako mahaikide bakoitzeko kostua euro t’erdikoa da, eta eskatzaileak du hausturen eta galeren ardura.

Baxera honako hauek osatzen dute: plater sakonak, lauak, altzairu herdoilgaitzeko koilara, koilaratxoa, sardexka eta labana, edari eta kafe edalontziak, uretarako pitxerrak, entsalada-bolak eta erretiluak. Varazdin fundazioa arduratzen da ekitaldia egiteko behar den materiala helarazteaz, baita hura jasotzeaz eta garbitzeaz ere. Noainen dagoen zentro horren helburua da aniztasun funtzionala duten eta gizarte bazterketako egoeran edo arriskuan dauden pertsonen gizarteratzea eta laneratzea erraztea.

Zerbitzu hori Hondakinen Partzuergoak 2018an erosi zuen ontziteria, 2.000 piezarekin eta 12.070 euroko kostuarekin. Iruñerriko Mankomunitateak aurreko urteetan praktika hori modu esperimentalean ezarri bazuen ere, 2018ko udaberrian partzuergoarekin adostu zuen eskaintza bateratzea, pieza berriak ekarriz, 3.000ra heldu arte.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!