Nafarroan 9.000 basurdetik gora ehizatu zituzten 2018an

Euskalerria Irratia 2019ko aza. 21a, 14:15

1995etik erregistratzen den zifrarik altuena da. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko bi ikerketa proiektuk Foru Komunitatean espezieak duen bilakaeraren jarraipena egiten dute

 

9.000 ale ehizatu ziren, serie historikoko bigarren erregistrorik altuena da, 1995ean ehizatutako 3.650 basurdeetatik abiatzen baita. Datuak baieztatzen du, Europa osoan bezala, basurde populazioa nabarmen handitu dela azken urteotan, bai dentsitateari dagokionez, bai banaketa eremuari dagokionez. Hedapen horretatik eratorritako gatazkek (nekazaritza-laboreen gaineko kalteak, trafiko-istripuak edo gaixotasunen hedapena, adibidez) eragin zuten 2018an Nafarroan basurdeak harrapatu, markatu eta jarraitzeko urte anitzeko proiektu pilotu bat abian jartzea, eta haren atariko emaitzek kudeaketa-neurriak aplikatzeko aukera ematen dute.

Nafarroako Ingurumen Kudeaketa (GAN-NIK) enpresa publikoak ehiztarien borondatezko lankidetzarekin garatutako proiektu horrez gain, saila Europako bigarren ikerketa-lan batean ari da lanean, basurde-dentsitatea kalkulatzeko metodo eraginkorrak ezartzeko. Ciudad Realgo Ehiza Baliabideen Ikerketarako Institutuarekin (IREC) batera egiten den proiektu honetan, tokiko erakundeek eta ehiztarien elkarteek ere laguntzen dute, eta epe ertainerako helburua azterketa-eremuak zabaltzea da.

Bi proiektuen lanen jarraipenaren berri Nafarroako Ehiza Federazioari emango dio Departamentuak, baita Nafarroako ehiztarien kolektiboko beste eragile batzuei ere.

Ehiztarien mugimenduak eta lankidetza aztertzea

Nafarroan basurdeak harrapatzeko, markatzeko eta haien jarraipena egiteko proiektu pilotuak lau helburu nagusi ditu: basurdeek nola erabiltzen duten lurraldea eta haien mugimenduetan zer faktorek eragiten duten; zer neurriri ekin dakiekeen nekazaritzan kalteak prebenitzeko eta errepideetan istripurik ez izateko; zein den abeltzaintzako ustiategietara basurdearen gaixotasunak transmititzeko arrisku potentziala; eta zein estrategia diren eraginkorrak haien populazioaren hazkundea kontrolatzeko.

Gai horiei eta beste batzuei erantzuteko, erabilitako metodoa Nafarroako hainbat herritan basurdeak harrapatzean eta haien mugimenduak xehetasunez aztertzeko aukera ematen duten markak (krotalak) eta/edo GPS lepokoak jartzean oinarritzen da. Horretarako, talde tekniko espezializatu bat dago, fauna basatia maneiatzeko estandar zientifikoak aplikatzen dituena.

Metodologia horri eta Ingurumen zaintzaileari markekin eraitsitako basurdeen berri ematen dioten ehiztarien lankidetzari esker, oso baliagarriak diren aurretiazko emaitzak lor daitezke. Lehenik eta behin, ehiza larriko uxaldi modalitatea oso eraginkorra dela basurde populazioa kontrolatzeko, harrapatutako eta markatutako basurdeen %50 lehen lau hilabeteetan ehizatu baitituzte. Bigarrenik, azterlanak baieztatzen du basurdeek lurraldetasun handia dutela; batez beste, 5 kilometroko diametroa duen landa-eremua erabiltzen dute, eta, era berean, bide-azpiegituretako fauna-pasabideak erabiltzen dituztela egiaztatzen da, zenbait kasutan oso eraginkorrak baitira istripuak prebenitzeko. Azkenik, azterlanak abeltzaintzako ustiategien biosegurtasunerako dauden neurrien eraginkortasuna nabarmentzen du, intentsiboan zein estentsiboan.

Basurdea, landa munduan izan diren aldaketen adierazle

Basurdea azken hamarkadetan landa mundua jasaten ari den aldaketen adierazle bat gehiago da. Alde batetik, abeltzaintza estentsiboa bezalako erabilera tradizionalak bertan behera uzteak zuhaixkazko baso-azalera handitu du, eta, bestetik, laboreen azalera handitzeak, ureztatzearen hedapenari lotutako artoa kasu, espezie horren babes- eta elikagai-espazioak handitzea ekarri du; izan ere, espezie horren ugalketa-ahalmena, aldeko baldintzetan, ikusgarria da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!