Jokoarekiko menpekotasunen inguruko politiken azterketa "integrala" proposatu du EH Bilduk Parlamentuko ponentzian

Euskalerria Irratia 2019ko aza. 20a, 13:30

Jokoarekiko menpekotasunari aurre egiteko politikak eta baliabideak aztertzearen alde egin du koalizio abertzaleak, "joko modalitate guztien prebentzioaren eta erregulazioaren arloan dagozkion gomendioak egiteko, baita kaletutako pertsonei artatzeko baliabideei dagokienez ere".

Apustu etxeak arautzeko Nafarroako Parlamentuan eratutako lantaldearen xedea zabaltzea eskatu du EH Bilduko talde parlamentarioak, eta jokoarekiko menpekotasunari buruzko politika publikoen azterketa "integrala" egitea proposatu du.

Zehazki, jokoarekiko menpekotasunarekin zerikusia duten politikak eta baliabideak aztertzearen alde egin du koalizio abertzaleak, "apustu etxeen, joko aretoen eta bestelako joko modalitateen prebentzioaren eta erregulazioaren arloan dagozkion gomendioak egiteko, baita kaletutako pertsonei artatzeko baliabideei dagokienez ere".

EH Bilduren talde parlamentarioak ponentzia horren lan plana egiteko aurkeztu duen proposamen nagusia da. Haren arabera, "beharrezkoa da administrazio bakoitzaren eskumenak argitzea, araudi eta legediak aztertzea, eta hainbat ikuspuntutatik ekarpenak jasotzea, Nafarroako jokoarekiko mendekotasunaren egoeraren analisi eta diagnostiko egokia egiteko".

Alde horretatik, Bakartxo Ruiz legebiltzarkideak "beharrezkotzat" jo du “ponentziak jokoaren foru legea garatzeko gomendioak ematea, baita osasun publikoa babesteko interes orokorrari erantzungo dioten udal ordenantzak egiteko jarraibideak ere, EH Bilduk Iruñeko Udalean proposatu duenaren ildotik”.

"Ikusten ari gara nola apustu etxeen eta beste joko modalitate batzuen fenomenoa abiadura bizian ugaltzen ari diren Nafarroan, eta nola hori ari den larriki eragiten gazteenei. Jokoarekiko menpekotasuna nabarmen hazten ari da, eta lehenbailehen hartu behar dira neurri egokiak benetako arazo sozio-sanitario bihur ez dadin ", adierazi du Ruizek. Haren hitzetan, “ezinbestekoa da, premiazkoa izateaz gain, estrategia integral eta partekatu bat sortzea, menpekotasuna prebenitzeko, legediaren, araudiaren eta erkidegoaren esparruetatik".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!