UGTk garbiketa sektoreko hitzarmenerako sortutako plataforma utzi duela salatu du LABek

Euskalerria Irratia 2019ko aza. 19a, 13:17

  • Garbiketa sektorearen arazoei erantzuteko plataforma bat eratu dute LAB, ELA eta UGT sindikatuek, baina azken horrek negoziaketak hautsi ditu.
  • Aplikazio lehentasunaren puntuak eragin du haustura, LABek salatu duenez.

LAB, ELA eta UGT sindikatuek plataforma komun bat eratu dute eta elkarlanean aritu dira azken asteotan, Nafarroako eraikinen eta lokalen garbiketen sektoreak pairatzen dituen arazoei erantzuteko. Baina, LABek salatu duenez, akordiora heldu bezain laster, UGTk sindikatuen arteko negoziaketak hautsi ditu. Bart gauean izan da hori.

Zehazki, lortua zuten akordioaren oinarriak dira gizon eta emakumeen arteko berdintasuna, bajak hobetzea, lanaldiak zabaltzea eta Rajoyren lan erreforma gainditzea. Azken puntu horretan dago, hain zuzen, UGTren hausturaren arrazoia, LABen hitzetan: aplikazio lehentasunean. Zehazki, puntu horrek dioena da estatu mailan sinatutako ezein akordiok ezin dituela Nafarroako lan baldintzak urratu. “Zoritxarrez, Nafarroan aski ezaguna da estatu mailako lan baldintzetara parekatzea galera besterik ez digula ekartzen”, adierazi dute.

Gaineratu dutenez, atzo bertan egon zen hitzarmenaren negoziaketa bat, eta horretan “oso sintonia ona” egon zen patronalaren, CCOOren eta UGTren artean, “patronalaren eskariei erantzuten dion” akordio baten inguruan. Ondoko puntuetan oinarritutako akordio bat, LABen hitzetan: “Aintzinatasuna, jardunaldia, bajen osagarria…”.

Larritzat jo du hori LABek, eta gogoeta sakon bat egin dezala eskatu dio UGTri, ez dezan utzi hiru sindikatuen artean egindako plataforma, sindikalismo “mobilizatzaile” baten bitartez sektorearen arazoak konpondu ahal izateko.

Lan hitzarmen hori lortzearen garrantzia nabarmendu du sindikatuak; izan ere, sektorea oso zabala da, 7.500 langileri eragiten die, eta beren lan baldintzek okerrera egin dute azken urteetan, krisialdi garaitik. Gainera, horien gehiengoa emakumezkoak dira, eta soldata arrakala handia da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!