Betiere exekutiboaren arabera, aldaketak "Nafarroako araudia Euskal Autonomia Erkidegoko eta Estatuko foru-araudietan ezarritakoarekin parekatzea du helburu"; hau da, ondasun, eskubide eta partaidetza horietarako dagoen kenkari partziala ezabatzen da, eta salbuesten da.
Lege-proiektua, artikulu bakarrekoa, atalka banakatzen da.
Lehenengoan, enpresa- edo lanbide-jarduera bati atxikitako ondasun eta eskubideen zerga-tratamenduaren aldaketa jasotzen da, bai eta enpresa- eta lanbide-jarduerak egiten dituzten eta subjektu pasiboak zuzendaritza-funtzioak betetzen dituen erakundeetako partaidetzena ere. Aipatutako ondasun, eskubide eta partaidetzak salbuesteko kasu berri bat jasotzean datza arau-aldaketa, Nafarroako kasua Euskal Autonomia Erkidegoko eta araubide erkideko foru-legerietara bideratzeko.
Bigarren paragrafoan, "Kuota osoaren muga" izeneko 31. artikuluaren testua egokitu da lehenengo paragrafoan azaldutako arau-aldaketara. Aldaketa horrekin, ez du zentzurik "hala badagokio, 33. artikuluan aipatzen diren kenkarien zenbatekoan murriztutako" idazketak; izan ere, 33. artikulua indargabetu egiten da eta, beraz, idazketa hori ezabatu egiten da, artikuluaren gainerakoa inolako aldaketarik gabe utziz.
Azkenik, hirugarren paragrafoak indargabetu egiten du 33. artikulua, enpresa- edo lanbide-jarduera bati atxikitako ondasun eta eskubideen kenkariari buruzkoa, bai eta enpresa-jarduerak egiten dituzten erakundeetako partaidetzen kenkariari buruzkoa ere, baldin eta subjektu pasiboak zuzendaritza-funtzioak betetzen baditu, lehenengo paragrafoan aipatzen den salbuespen berriaren ondorioz.