Nafarroako Kontuen Ganberak iazko kontu orokorrei buruzko txostena argitaratu du. Txostenak Foru Administrazioaren finantza egoera aztertzen du, sektore publikoa osatzen duten erakunde guztien datuak emanez: Gobernua eta haren erakunde autonomoak; Nafarroako Parlamentua eta haren menpeko instituzioak: Kontuen Ganbera eta Arartekoa; eta fundazio eta sozietate publikoak.
Txostenak dioenez, Foru Administrazioak 4.180 milioi gastatu zituen iaz, eta 4.100 bildu. Egin beharreko doikuntzak eginak, aurrekontu emaitza positiboa izan zen: 38 milioiko superabita.
Gastuetan transferentzi arruntek dute zenbateko handiena: 1.500 milioi; langilerian 1.250 milioi gastatu ziren; eta ondasun eta zerbitzuen gastuek 630 milioi egin zuten.
Gastuaren helburuari begiraturik, honakoa da banaketa: Osasuna, 1.000 milioitik gora; Hezkuntzan 650 milioi; gizarte babesean 540 milioi. Estatuarekiko hitzarmenak 530 milioiko gastua dakar; azkenik, zorrak sorturiko gastua 467 milioi da.
Diru-sarrerei dagokienez, zerga bidezkoak dira nagusiak: %88. Eta zerga mota bakoitzarekin lorturiko diru-sarrerak honakoak: PFEZ-rekin 1.363 milioi, BEZ-rekin 1.270 milioi, zerga bereziekin 506 milioi eta sozietate-zergarekin 223 milioi.
Txotenak dioenez, kontuek egoki islatzen dituzte Foru Administrazioaren ondarea, finantza-egoera eta aurrekontu emaitza. Dena den, hiru salbuespen aipatzen dira: kontabilitate plana ez da bere osotasunean aplikatzen; funtzionarioen montepioak sorturiko gastuaz ez da informaziorik ematen; eta ez dago ondasun-zerrendarik.
Legezkotasunaz iritzia aldekoa da, kudeaketa legediaren araberakoa baita. Salbuespen bakarra aipatzen da: zenbait kontraturen epea amaitu bada ere, indarrean segitzen dute, eta beste zenbait kasutan kontraturik gabeko gastua dago.
3.085 milioiko zorra
Nafarroako Foru Administrazioaren zorra 3.085 milioi da. Aurreko urtekoarekin alderatuz, %5 jaitsi da. Aipatzekoa da 2018an aldez aurreko amortizazioa egin zela (128 milioi). Azken hamar urtean lehen aldiz, amortizaturiko zorra handiagoa izan zen harturikoa baino: 208 milioiko zorra hartu eta 373 milioi amortizatu ziren.
Zorraren %48 2024rako kitatu behar da. Zorrari buruz beste datu bat: Standard&poor´s agentziak A+ kalifikazioa eman dio Nafarroako zorrari, kalifikazio hoberena, Estatuarena baino hobea.
Foru Ogasunaren finantza egoeraren beste datu ona azpimarra daiteke: ekitaldia amaituta, gastu orokorretarako diruzaintzako soberakina zegoen: 158 milioi, hain zuzen.
Nafarroako Foru Administrazioak Aurrekontu Egonkortasunerako Legearen eskakizun guztiak bete ditu: finantzatzeko ahalmena, finantza egonkortasuna eta gastu-araua.
Langileriaren behin Behinekotasun tasa handia: %48
Txostenak Foru Administrazioko langileriaren behin-behinekotasun tasa handia azpimarratzen du. 2018ko amaieran, 29.000 lagun ari ziren lanean Foru Administrazioan. Horietatik %48 kontratatuak dira. Kontuen Ganberaren ustetan, behin-behinekotasun tasa hori gehiegizkoa eta kezkagarria da. Horregatik, dei bat egiten dio Gobernuari behin-behinekotasun tasa gutxitzeko neurriak har ditzan.