Exekutibotik adierazi dutenez, lege proiektu honek "konponbidea jarriko lieke" gurasoen kolektiboaren eskaera sozialei. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren auzi honi buruzko epaia emana du, eta horren arabera, Espainiako Auzitegi Gorenak gurasoen alde emandako epaia ez da aplikagarria Nafarroan, herrialdearen zerga-autonomia dela eta.
Lege-proiektuak, bere artikulu bakarrean, 29. xedapen gehigarriaren edukia aldatzen du, eta kenkari berri bat jasotzen du, 2020. urtean soilik aplikatzekoa, 2015. eta 2018. urteen artean jasotako amatasun -eta aitatasun- prestazioengatik. Horren bidez, laguntza bat eman nahi zaie urte horien artean seme-alabak izan zituzten eta amatasun -eta aitatasun-prestazioak salbuetsita egon ez ziren familiei.
Kenkaria zergaren kuota diferentzialaren gainean aplikatzen da. Horrek esan nahi du subjektu pasiboari osorik itzul dakiokeela 2020ko PFEZaren kuota diferentziala zero edo negatiboa den kasuetan, eta modu berean zehazten da, 2015 eta 2018 bitartean jasotako amatasun -edo aitatasun-prestazioei aplikatzen zaien salbuespen bakarrarekin.
Horrela, kenkaria honako hau izango da: 30.000 eurotik gorako errentak – salbuetsiak barne– dituzten subjektu pasiboek jasotako prestazioei %25eko ehunekoa aplikatzearen emaitza. Ehuneko hori murriztuz doa subjektu pasiboaren errentak handitu ahala, 105.000 eurotik gorako errententzat zerora iritsi arte.