Alberto Ilundain iruindarra datozen orduetan aterako da Valdemoroko espetxetik. Frantziako Estatuan 18 urtez espetxeratuta egon ondoren, Espainiako agintarien esku utzi zuten. Gaur epaitu dute Auzitegi Nazionalean, 1990ean trafikatzaile baten aurka egindako "hilketa saiakeragatik". Ilundainek ukatu egin du ekintzan parte hartu izana, eta epaileak behin-behineko askatasuna agindu du epaia atera arte.
Ilundain 2001ean atxilotu zuten Frantziako Estatuan, eta 17 urteko zigorra bete ondoren, aurtengo maiatzean entregatu zioten Espainiako agintariei. Ordutik, badaezpadako espetxealdian egon da.
Gaur epaitu dute Espainiako Auzitegi Nazionaleko auzitegiaren aurrean. Amaiur komandoko kide ez zela azaldu du iruindarrak, baina bere gain hartu du komandoa sortu izana Bautista Barandalla, Juan Carlos Perez eta Espainiako poliziak tiroz hildako Mikel Castillorekin batera. Fiskaltzak 18 urteko espetxe zigorra eskatu du Ilundainentzat.
Preso nafarrak esan du ez zekiela Barandallak, Perezek eta Castillok Enrique Muñoz Berrio 'Brillantinas' ezizenaren aurkako ekintza planifikatu zuten ala ez. Ekintza hori, azkenean, ez zen gauzatu.
Lekuko gisa egindako deklarazioan, Barandallak eta Perezek esan dute hasieran akusatua tartean sartu bazuten estrategia judizial batengatik izan zela. Ilundainek aitortu du goiz horretan bertan ihes egitea erabaki zuela, bere izena irratietan susmagarri gisa ibiltzen hasi zenean.