Pentsio duinak aldarrikatuko dituzte Nafarroako pentsiodunek, azaroaren 16an Iruñean

Euskalerria Irratia 2019ko aza. 13a, 17:16

Amona, Oneka, Pentsionistak Martxan eta Sasoia elkarteek euren aldarrikapenak errespetatzeko eskatu dute: "Behingoz gure erakundeei eta patronalari eskatzen diegu kontsekuenteak izan daitezela beren erantzukizun nagusiarekin".

Azaroaren 16an manifestazioa egingo dute Nafarroako pentsiodunek, Iruñean, arratsaldeko 5etan Foruen Monumentutik irtenda. Pentsio "duin, zuzen eta nahikoak" aldarrikatzeko mobilizazioa izanen da. Eta ez da eginen duten bakarra izango. "Gure mobilizazioetan aurrerapauso bat ematea erabaki dugu", adierazi dute. Abenduaren 16ean, elkarretaratzea eginen dute Nafarroako Parlamentuaren aurrean. 

Amona, Oneka, Pentsionistak Martxak eta Sasoia elkarteek egin dute deia. "Behingoz gure erakundeei eta patronalari eskatzen diegu kontsekuenteak izan daitezela beren erantzukizun nagusiarekin, hau da, pertsonei bizi-baldintza duinak bermatzea, kalitatezko enpleguaren, pentsio publiko, justu eta nahikoen eta zerbitzu publiko unibertsalen bidez".

Nafarroako eta Espainiako 2020ko aurrekontuetan hori bermatzeko finantza-partidak gehitzea galdegin dute, eta "alde batera uztea pentsio-sistema publikoa pribatizatzeko politikak, hala nola La Mochila Austriaca eta patronala eta botere ekonomikoak eskatzen ari diren pentsio-plan pribatuak".

Pentsiodunen aldarrikapenak "pertsona, langile, emakume, gazte, langabetu, autonomo, pentsiodun gehienen aldarrikapenak" direla defendatu dute, eta erakunde sindikal, mugimendu feminista, gazteak eta ikasleak mobilizazioetan parte hartzera deitu dituzte.

Pentsiodunak, parlamentuan

Elkarteetako ordezkariak Nafarroako Parlamentuan izan dira berriki aldarrikapenen berri emateko. Azaldu dutenez, 2018an 135.000 pentsio zeuden Nafarroan. Horietatik 62.000 1.100 eurotik beherakoak ziren eta 41.000 Nafarroako Gobernuak gutxieneko pentsio gisa dituen 735,46 euroen azpitik. 

Ontzat jo dute Nafarroako Gobernuak kenkari fiskalen bidez pentsioak osatu zituenetik pixkanaka gora egitea onuradunak: 2016an 9.000 pertsona ziren 2,3 milioi euroko kostuarekin, eta 2018an 22.00 pertsona dira 3,5 milioiko kostuarekin.

Zenbakietan, 19.000 pentsioko "desfase" bat dagoela ohartarazi dute, ordea, osatu gabe daudenak, "neurri handi batean adinekoek duten ezjakintasunagatik". Horregatik, "ofizioz" Nafarroako Gobernuak zergadunei errenta aitorpena egin diezaiela eskatu dute.

Emakumeengan ere jarri dute arreta, Salatu dutenez, "desberdintasun askoz handiagoak" bizi dituzte, gizarte frankistak ezarri zien "zaintzaile rolarengatik", hala senarraren erretiro-pentsioarekin eta alarguntza-pentsioarekin bizi behar izan dute askok. "Egoera okerragoa dute ezkondu ez zirenek, pentsiorik gabe geratu baitira".

 

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!