2019-2023 Baso Agenda onartu du Nafarroako Gobernuak

Euskalerria Irratia 2019ko aza. 13a, 13:58

"Iraunkortasuna, oreka eta ingurumen kalitatearen" irizpideetan oinarrituz eratu dute dokumentu berria.

Foru Gobernuak, gaurko bilkuran, 2019-2023 eperako Nafarroako Baso Agenda ontzat eman du, baso arloko politikaren estrategia eta plangintza tresnak eguneratu dituen dokumentua, “iraunkortasun, oreka eta ingurumen kalitatezko” irizpideetan oinarrituz. Gobernuaren ustez, agenda berria lurralde kudeaketarako “oso tresna garrantzitsua” da, lurraldearen azaleraren %64 basotzat jotzen baita.

Gaur arte indarrean izan den tresna 1998. urtean onartu zen Nafarroako Baso Plana da, baina azken bi hamarkadatan sortutako aldaketen eta erronka berrien eraginez, dokumentua eguneratzeko premia sortu da.

Agenda bost ardatzetan egituratuta dago: baso-gobernantza, klima aldaketa eta natura arriskuak, baso sektorearen sustapena, biodibertsitatearen kontserbazioa eta berrikuntza, eta ezagutza. Ardatz bakoitzerako lan taldeak sortzea aurreikusten da, sektoreko eragile desberdinek hainbat proposamen osatzeko, Baso Jarduerako Plan berri bat eta hurrengo 20 urteetarako proiektu zehatzak eratzeko.

Ardatz bakoitzari dagokionez, baso gobernantzaren eremuan, gaur egungo araudia moldatuko dute, egungo premietara egokitzeko eta administrazio prozesuak “malguago eta arinago” bilakatzeko. Horrez gain, Europar Batasuneko landa garapenari buruzko etorkizuneko politikari dagozkion gaiak ere aztergai hartuko dituzte.

Agendak klima aldaketari lotutako hainbat proposamen jasotzen ditu ere; besteak beste, arazo horri hobeto egokitzen zaion baso sustapena, baso suteen aurkako prebentzio plan baten eraketa eta abeltzaintza estentsiboaren sustapena arriskuak gutxitzeko tresna gisa. Izurriteak eta gaixotasunak jarraitzeko eta kontrolatzeko neurriak ere hartuko dituzte, ematen diren egoera berriei aurre egiteko.

Bertako egurra, baso biomasa, paisaia eta landa garapena

Baso sektorearen sustapenari dagokionez, azken horrek Nafarroan 5.000 lanpostu inguru sortuko ditu, horietako asko landa eremuetan. Ondorioz, landa eremuaren despopulazioa gelditzeko politikak ere aintzat hartuko ditu.

Bestalde, bertako egurra iturri “iraunkorretik, birziklagarritik eta berriztagarritik” etorritako produktu gisa erabiltzearen alde egitearen premia nabarmendu dute, eta agendan hainbat neurri hartu dituzte horretarako. Era berean, eraikuntza eta birgaitzearekin lotutako arauak aldatzea aurreikusi dute, produktu horren erabilera sustatzeko, edota bertako egur gehiago errepideen sarean erabiltzeko. Aztertu duten beste jardueretako bat baso biomasaren erabilera da, energia termikoko iturri gisa.

Azken ardatza berrikuntzarekin eta garapenarekin lotuta dago, eta teknologia berriak baso esparruan ezartzearen alde egiten du. Horrez gain, honako hauek izango dira hurrengo bost urteotan aztergai izango diren proposatutako bestelako neurriak: bertako egurrez baliatuz eraikuntza produktu berriak ikertzea, bio-plastikoen eta bio-ontzien erabilera sustatzea baso produktuetatik abiatuta, edo baso sektorearekin lotutako beken deialdi bat sortzea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!