Indarkeria matxista salatzen duten emakumeen %38ak 30urte berako gazteak dira

Euskalerria Irratia 2019ko aza. 13a, 07:53

Nafarroako Berdintasunerako Institutoa kezkatuta azaldu da, genero indarkeriak gazte belaunaldien artean ez duelako beheruntz egiten. Asteburuan Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Gazte Jardunaldiak antolatu dituzte sentsibilizazio eta ahalduntze helburuarekin.

Pasa den urtean, Nafarroan, indarkeria matxistagatik jarritako 1.041 salaketen artean, 397 emakume gazteek jarri zituzten. Indarkeria psikologikoa, fisikoa eta sexuala salatu dute emakumeek. Nafarroako gazteriaren inguruko diagnostikoaren txostenaren arabera, %56ak emakumeen kontrako eraso, jazarpen edo ta jarreraren bat ezagutzen duela dio. “Dtau hauek kezkarriak dira” aitortu du Eva Isturitzek, Nafarroako Berdintasunerako Institutoko zuzendariak, “Uste genuen belaunaldi berriek gaindituta edo gainditze bidean izanen zutela indarkeria eta ez da horrela izan. Legeak eta gizartearen zati handi batek aurrera egin arren, ikusi dugu zerbaitek ihes egin digula. Teknologia berrien gizartean, mezu matxistak, jarrera sexistak bikoiztu egin dira. Musika, sareak, blogger eta youtuberrak, denetarik dago noski, baina askotan, rol matxistak errepikatzen eta zabaltzen dituzte haietan”:

Larunbat honetan, hilak 16, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Gazteen Topaketa egingo da. Topaketa horren bidez, espazio bat sortu nahi da gazteak bildu daitezen, esperientziak partekatu ditzaten eta errespetuan, tolerantzian eta tratu onean oinarritutako gazte osasuntsuen arteko harremanak bultza daitezen.

Hirugarren edizioa beteko du aurten INAI/NBIk eta Gazteria Zuzendariordetzak antolatuta, eta Civivox Jus la Rotxan izango da 17: 00etan. 14 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, sarrera doakoa izango da eta, zortzi tailer antolatuz, parte-hartzaileei tresnak eta baliabideak emango zaizkie indarkeria sexista aitor dezaten, estereotipo eta rol tradizionalak haustea sustatuko da eta jokabide sexisten prebentzioan lan egingo da, besteak beste.

Ekitaldirako, doako garraio bat jarriko da Nafarroako hainbat herritako gazteek Iruñera joateko aukera izan dezaten. Zerbitzu hori jasotzeko interesa dutenek 662 42 93 68 telefono zenbakira deitu behar dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!