Nazioarteko Emaus pobreziaren eta gizarte-bazterketaren aurkako borroka garapen ekonomiko iraunkorrarekin eta ingurumenaren defentsarekin batzeko moduaren adibidea da". Hala adierazi du Nafarroako Gobernuko lehendakari Maria Txibitek sari banaketan. Nafarroako Gobernuak eta Laboral Kutxak ematen duten Elkartasunaren Nafarroa Saria jaso du Emausek gaur eguerdian.
2002an sortu zen saria; eta horren bitartez, garapenerako nazioarteko lankidetzaren esparruan eta egoera ahulenean dauden sektore eta herrialdeen aldeko borrokan egindako borondatezko lanagatik nabarmentzen diren pertsonak, GKEak edo erakundeak aintzatestea dute helburu.
Aurten 50 urte bete ditu Nazioarteko Emausek, eta, egun, 360 elkartek osatzen dute; 37 herrialdetan aurkitzen da. Emausen hautagaitza, Ekonomia Alternatibo eta Elkartasunezkoaren Sareak (REAS Nafarroa) aurkeztutakoa, joan den ekainean aukeratu zuen epaimahaiak 35 hautagaitzaren artetik.
Txibitek “Emaus Traperoak” erakundea aipatu nahi izan du, Nafarroan mugimendu horren izenean lan egiten duena. Foru Erkidegoan erreferentea dela esan du elkartasunaren munduan. “Erakundeak birziklatzen eta materialak berreskuratzen egiten du lan, baina ekonomia sozialaren eta solidarioaren eremuan ere mugitzen da, eta enplegu duina sortzen du pertsona ahulenenek, horietako asko migratzaileak, lana duintasunez egin dezaten”.
Nazioarteko Emaus Mugimenduaren lehendakari Patrick Atohoun-ek, erakundeko talde guztien izenean sariarengatik eskerrak eman ondoren, “globalizazioa eredu ekonomiko menderatzailean" kokatzen dela nabarmendu du, "bizimoduaren eta lehiaren finantzaketan oinarritzen dena. Eredu diskriminatzailea da, eta, ondorioz, bazterketa asko sortzen ditu”.
100.000 pertsona onuradun
Nazioarteko Emaus Mugimendua Frantzian sortu zen 1969. urtean, eta 37 herrialdetako 360 talde baino gehiago biltzen ditu. Gutxi gorabehera 100.000 lagunek ateratzen diote etekina zuzenean eta hainbat milioi pertsonak zeharka Emausen erakundeen lana garatzen den hiri eta eskualdeetan. Gainera, urtean elkartasuneko 20 bat proiektu bultzatzen ditu, 500.000 € inguruko funts solidarioaren bitartez. Nafarroako Emaus Traperoak erakundean 35 nazionalitateko 265 pertsonak egiten dute lan.
Gaur egun, mugimenduak hiru borroka globalen aldeko konpromisoa du:
- Herritar unibertsalen, zirkulazio-askatasunaren eta bizilekuaren aldeko konpromisoa.
- Bakearen, justizia sozialaren eta ingurumenaren aldeko konpromisoa.
- Ekonomia etikoaren eta solidarioaren aldeko konpromisoa.