'Hegan Oinez': 2020ko ikastolen festa, abian

Euskalerria Irratia 2019ko aza. 6a, 11:46

Lizarrako ikastolan lanean dira jada 2020ko Nafarroa Oineza prestatzen. “Hegan Oinez” izanen da leloa, Lizarran euskarak eman nahi duen aurrerapausoaren iragarle. Ikastolak 50 urte beteko ditu 2020an.

Arduratuta, urduri eta ilusionatuta hartu du Nafarroa Oineza antolatzeko lekukoa Lizarrako Ikastolak. Gaur eman dute lehendabiziko pausoa leloa eta irudia aurkeztuz eta jadanik ari dira lanean lehendabiziko jarduerak prestatzen. Urte osoko festa proposatzen dute euskararen inguruan.

Duela 50 urte jaio zen Lizarrako ikastola eta txikitasunetik handira emandako saltoa irudikatu nahi izan dute leloarekin: “Hegan Oinez”. “Txiki jaio ginen, katuka aritu ginen, oinez ikasi arte” azaldu du ikastolako Lehendakaria den Unai Gardokik, “Handitu ginen, ugaritu. Orain hegoak atera zaizkigu, oinez iritsi ezin garen lekuetara iristeko, eta hegan ikasi nahi dugu”. Hegan, urrutira joan ahal izateko baina etxekoa ahaztu gabe. Hegan Ega ibaiaren ertzetan, Lizarrako sinbolo moduan. Honela, 2020ko Nafarroa Oinezaren helburuen artean bi aipatu dira nagusiki: ikastolaren eraikina jasangarriagoa egitea eta etorkizuna bermatzeko haur eskola  berritu eta egokitu.

 

Aniztasuna irudian

Leloarekin lotuta, 2020ko Nafarroa Oinezaren irudia ere agertzen zaigu. Hegan hasi den txori txikia azaltzen da irudi nagusian, hankak luzatuz aireratzeko lehendabiziko saltoan. Bere ondoan, beste hiru txori txiki, “Iparraldetik, hegoaldetik, mendebaldetik eta ekialdetik gatozen lau txori garelako ikastolan” azaldu du Unai Gardokik, “lau txori, denak ezberdinak eta denak bat, bakoitza bere erritmoan, bidean aurrera eginez”.

 

Tuterako ikastolaren laguntza

Antolaketa lanetan laguntza emateko prest azaldu dira Tuterako Argia Ikastolako arduradunak. Gaur pasa diete, formalki lekukoa Lizarrakoei eta 2019ko festaren balantzea ere egin dute. “Eguna aurrera eramatea eta ikastola proiektua bultzatzea lortu genuen” adierazi du Maru Eriz, “Baina espero zena baino jende gutxiago bertaratzeak eta eguraldi txarrak ez ziguten lagundu aurreikusitako helburuak betetzen”. Zentzu horretan eskerrak eman dituzte, bai egunean bertan baita ondoren ere, laguntza eta ekarpenak egin dituzten ehunka euskaltzaleei.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!