Ttap aldizkari digitala, Rikardo Arregi Komunikazio sariko finalista

Euskalerria Irratia 2019ko aza. 5a, 16:06

Kazetaritza saria eta Komunikazio saria emango dituzte aurten, azaroaren 28an, Andoaingo Bastero Kulturgunean.

Rikardo Arregi Kazetaritza Sarian zortzi finalista izango dira aurten, lehen aldiz. Bi sari nagusi emango dira, biak maila berekoak, 9.000na eurokoak: Kazetaritza saria eta Komunikazio saria. Bi sarietarako launa finalista izendatu ditu epaimahaiak, eta haien artetik saridunak nortzuk diren sari banaketa ekitaldian jakingo da, azaroaren 28an, Andoaingo Bastero Kulturgunean (Gipuzkoa).

Komunikazio saria eskuratzeko finalisten artean dago Ttap aldizkari digitala; baita 2019. urteko Korrikaren komunikazio kanpaina, 'Egunean behin' jokoa, CodeSyntaxen eskutik eta Oier Aranzabalek Zuzeu aldizkarian argitaratzen duen 'Barruan gaude' podcasta ere.

Kazetaritza sariari dagokionez, hauek dira lau finalistak: Jon Artanoren 2019. urteko kronika eta elkarrizketak Amerikatik EITBn; 'Iraultza txikien lekukoak' atala Elhuyar aldizkarian, Ana Galarragaren eskutik; 'Zozoen elean' elkarrizketa sorta Berrian, Miel Anjel Elustondoren eskutik; eta Kanaldudeko 'Hurbile/k' saioko 2019ko uda arteko atalak.

Ttap: toki komunikabideen bateragune

Ttap aldizkari digitala Iruñerriko Euskalerria Irratia, Durangaldeko Anboto, Zumaiako Baleike, Debagoienako Goiena eta TOKIKOM toki komunikabideen bateragunearen ekimenez argitaratzen da, Bartzelonako Esguard aldizkariarekin elkarlanean. Aldizkaria %100 digitala da, eta Android zein iOS sistema eragilea duten gailuetatik eskuratu daiteke, doako Ttap aplikazioa deskargatuta.

Ttap aldizkari digitalak edizio berria estreinatu zuen maiatzean Nafarroan. Hamabostean behin kaleratzen da. Eta beste edizioetan bezala, bertako kolaboratzaile eta iritzi emaileek hartuko dute protagonismoa. Besteak beste, Anabel Arraiza, Angel Erro, Mikel Idoate, Santi Leone, Oskia Ugarte, Garazi Arrula eta Aingeru Epalzaren sinadurak presente daude aldizkari digitalean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!