Osasunaren fundatzaile fusilatuak omenduko dituzte igandean

Euskalerria Irratia 2019ko urr. 31a, 13:12

Eladio ZIlbetiren omenezko horma irudia, Sadar inguruan.

Cayuela, Bengarai, Agirre, Jaso eta Zilbeti ekarriko dituzte gogora

Ekitaldia Sadar Bizirik eta Peña Osasunisten Elkarteak antolatu dute. Eta  Osasuna Fundazioa eta Zentral Kafe Antzokiak dituzte laguntzaile. Omenaldia goizeko 10:30ean eginen dute, Burguen plazan, eta Osasunazalearen Egunaren egitarauaren barruan. 14:00etan euskal derbia jokatuko dute Sadarren, Alavesen aurka.

Omenduak Natalio Cayuela, Ramon Bengarai, Fortunato Agirre, Andres Jaso eta Eladio Zilbeti izanen dira.

Eladio Zilbeti Osasunaren sortzaileetako bat izan zen, eta zenbaitek diote hark asmatu zuela taldearen izena. EAE-ANV alderdiko kidea zen, baita ELA sindikatukoa ere. 1937ko urtarrilaren 16an frankistek Etxauri inguruan fusilatu zuten.

Fortunato Agirre Osasunaren sortzaileetako bat izan zen, Lizarrako alkatea, EAJ alderdiaren eskutik, eta Lizarrako ikastolako sortzaileetakoa.  Frankistek fusilatu zuten, 1936ko irailaren 29an.

Ramon Bengarai Osasunako zuzendaritzako kidea izan zen, Larraina elkartearen sortzaileetakoa, UGT sindikatuko kidea, eta Nafarroako Partido Republicano Radical Socialistaren (Alderdi Errepublizale Erradikal Sozialista) sortzaileetakoa. 36an desagertu zen.

Natalio Cayuela Osasunako presidentea izan zen 1923an, eta 1928tik 19356era. Acción Republicana de Navarrako (Nafarroako Ekintza Errepublikazalea) presidentea ere izan zen. Nafarroako Auzitegiko areto idazkaria zen. Eta 36an fusilatu egin zuten.

Andres Jaso Osasunako jokalaria izan zen, eta Valentzia eta Sporting Gijon taldeetan ere jokatu zuen. Gerrak hain zuzen ere Gijonen harrapatu zuen, eta uste da hango hondartzan hil zela, bonbardaketa batean.

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!