Erlijio irakasgaia minimoetara murriztea onartu du Parlamentuak

Euskalerria Irratia 2019ko urr. 31a, 12:41

Espainiako Gorteetan hezkuntza sistemaren laikotasuna bermatzeko proposamena ere onartu da, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Izquierda Ezkerraren babesarekin. Sozialistek ordea ez dute onartu, Espainiako Konstituzioan erlijioaren irakaskuntza babesten duen artikuloa ezabatzeko eskaria.

Erlijioaren irakasgaiaren inguruko hiru ekimen eztabaidatu eta bozkatu dute gaur Nafarroako Parlamentuan. Alde batetik,  aintzat hartu dute ostegun honetan Izquierda-Ezkerrak aurkeztutako lege proposamen bat, Nafarroako ikastetxeetan erlijio irakaskuntza legezko gutxienekora murrizteko.

PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak aldeko botoa eman dute, eta Navarra Sumak, berriz, kontrakoa. Legea batzordean eztabaidatuko dute orain, osoko bilkurara itzuli aurretik, behin betiko bozketa egiteko. PSNk eta Geroa Baik dagoeneko iragarri dute aldaketak proposatzeko asmoa.

I-Eren proposamenak honako hau adierazten du: "Nafarroako Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko hezkuntza-maila guztietan, erlijioko irakasgai espezifikoak eta haren alternatibek Estatu mailako oinarrizko araudian ezarritako gutxieneko eskola-karga izango dute gehienez". Horrela, erlijioa irakastea astean ordubetez geratuko litzateke indarrean, 2020-2021 ikasturtean indarrean sartuko litzatekeen neurri bat.

Marisa de Simon Izquierda-Ezkerrako parlamentariaren ustez, "Adingabeen heziketa erlijiosoak esparru pribatuaren parte izan behar du".

Estatuko legediak estu lotzen du Nafarroako autonomia eta Foru Erkidegoak ezinezkoa du erlijio irakasgaia erabat desagertarazi hezkuntza sistematik. Horregatik, Nafarroako Parlamentuko osoko bilkurak aintzat hartu du Geroa Baik aurkeztutako lege proposamen bat, "Hezkuntza sistema laiko baterantz aurrera egitea" helburu duena. PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak alde bozkatu dute, eta Navarra Sumak, berriz, kontra. Legea Diputatuen Kongresuari zuzenduta dago; beraz, Nafarroako Parlamentuan tramitea amaitu eta behin betiko onartzen bada, Kongresura bidaliko da.

Aintzat hartu den ekimenak Erlijio Askatasunaren Lege Organikoa eta Hezkuntza Legea aldatzea proposatzen du, erlijioa irakasteari dagokionez. Besteak beste, Geroa Baik Hezkuntzako lege organikoaren bigarren xedapen gehigarria kentzea proposatzen du. Xedapen horren arabera, erlijio katolikoaren irakaskuntza Egoitza Santuaren eta Espainiaren artean sinatutako Irakaskuntzari eta Kultura Gaiei buruzko Akordioan ezarritakora egokituko da, eta, horretarako, erlijio katolikoa arlo edo irakasgai gisa sartzen da dagokion hezkuntza-mailetan, zeina derrigorrezkoa izango baita ikastetxeentzat eta borondatezkoa ikasleentzat.

Bestalde, Geroa Baik aurkeztutako beste lege bat ere atzera bota dute, "Botere publikoek gurasoei beren seme-alabek euren usteekin bat datorren heziketa erlijioso eta morala jasotzeko duten eskubidea bermatzen dien" Espainiako Konstituzioaren atala kentzea proposatzen zuena. PSNk aurka bozkatu du, Navarra Sumak egin bezala, eta horrek gutxiegi egin du gainerako taldeen babesa.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!