Mikel Arregiren heriotzaren inuguruko zigorgabetasuna salatu dute, 40 urteren ondoren

Euskalerria Irratia 2019ko urr. 30a, 12:28

Mikel Arregi Gogoan herri ekimena sortu dute, lakuntzarraren heriotza gatazka politikoaren testuinguruan polizia indarkeriaren ondorioz sortutako heriotza gisa aitortua izan dadin. Hainbat jarduera egingo dituzte jazoeren 40. urtemugaren karietara.

Gaur goizean aurkeztu dute Iruñean Mikel Arregi Gogoan herri ekimena, orain dela 40 urte, 1979ko azaroaren 11n, Etxarri Aranatzen jazotako gertakariak berreskuratzeko helburuarekin. Egun hartan, Mikel Arregi Marin lakuntzarra eta beste lau lagun zihoazen autoari tiro egin zion Guardia Zibilak,   eta Arregi ospitalera bidean zendu zen, 33 urte zituelarik. Ekimenarekin, beren alea jarri nahi dute Arregiren heriotza gatazka politikoaren testuinguruan polizia indarkeriaren ondorioz sortutako heriotza gisa aitortua izan dadin.

Guardia Zibilaren bertsioa zen Mikel Arregi eta gainontzekoak zihoazen autoak kontrol batetik ihes egin zuela, baina Lakuntzako Udalaren ekimenez egindako ikerketa batean hainbat lekukok gezurtatu egin zuten hori, ziurtatu baitzuten ordu horretarako kendua zegoela kontrola.

Epaiketa bi urte geroago izan zen, eta epaiak arrazoia eman zion ikerketa batzordeari, baina bi hilabeteko espetxe-zigorra besterik ez zieten ezarri erantzuleei, zuhurtziagabekeriagatik. Auziaren inguruan hasieratik izan den "zigorgabetasuna" salatu dute Mikel Arregi gogoan ekimeneko kideek.  Arregiren omenez jarritako oroitarriak eraso ugari izan dituela jakinarazi dute -azkenekoz, irailean-, eta zenbait hedabideren jarrera desegokia ere nabarmendu dute, Arregi "terrorisatzat" hartzen baitute. Horrekin batera, gogorarazi dute Nafarroako Parlamentuak onartutako Polizia indarkeriaren legea baliogabetu egin duela Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, eta, hortaz, Arrregi ez dagoela polizia indarkeriaren biktima gisa aitortuta.

Azaroaren 11n beteko dira 40 urte jazoera lazgarri horietatik, eta urtemugaren karietara, hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Iragan ostiralean egin zuten lehena, Lakuntzan: haren erailketaren 25. urteurrenean sortu zuten dokumentalaren proiekzioa. Hurrengoa, errepresioa, polizia indarkeria eta euskal gatazka politikoari buruzko mahai inguru bat izango da, azaroaren 9an, larunbatarekin, Lakuntzako kultur etxean. Bertan parte hartuko dute Fermin Rodriguezek, 1978ko Sanferminetan hildako German Rodriguezen anaiak; Eneko Etxeberriak, 1980an desagertutako Jose Miguel Etxebarria Naparra-ren anaiak; Idoia Zabaltzak, 1985ean torturatu eta hil zuten Mikel Zabaltzaren arrebak, eta Nerea Zabalak, 1997an erail zuten Iosu Zabalaren arrebak.

Amaitzeko, urteurrenaren egunean bertan, Joseba Zabaltzaren argazkiarekin osatutako Gogoan hartzeko izenak erakusketa zabalduko dute Etxarri Aranatzko kultur etxean, eta herri horretan ere lore eskaintza egingo dute, Arregiren omenezko oroitarrian.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!