Auzitegi Nagusiak ez ditu 2017an euskaraz eskainitako lanpostu publikoak baliogabetuko

Euskalerria Irratia 2019ko urr. 29a, 14:42

Administrazioarekiko Auzien Aretoaren ustez, txosten teknikoek justifikatzen dituzte lanpostu elebidunak. Afapna sindikatuak egin zuen lanpostu guztiak baliogabetzeko eskaera. Kasazio errekurtsoa jar dakioke erabakiari.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ez ditu administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantilla organikoa aldatu zuen 2017ko foru dekretuan euskaraz eskainitako plaza guztiak baliogabetuko. Hala eskatu zuen Afapna sindikatuak, baina auzitegiak baztertu egin du eskaera. Kasazio errekurtsoa jar dakioke erabakiari.

Epaian, Administrazioarekiko Auzien Salak ondorioztatu du ez dagoela frogarik lanpostu elebidunen zuzkidura neurrigabea edo justifikaziorik gabea denik esateko. Salak banan-banan xehatzen ditu sindikatu errekurtsogileak baliogabetzeko eskatzen zituen lanpostu guztiak. Hala, Afapnak uste zuen Foruzaingoan eta Suhiltzaile Zerbitzuan hutsik zeuden euskarazko plazak ez zeudela zehaztuta inolako eremutarako (eremu euskaldunerako), ezta arrazoituta ere.

Foruzaingoaren bost lanpostu hutsei dagokienez – bi Altsasuko polizia-etxerako, bi Elizondon (biak eremu euskaldunean) eta bat Lizarran (eremu mistoan) –, auzitegiak nabarmendu du kalean egiten diren eginkizunetan herritarrei arreta egokia emateak, ahoz, eskakizun hori eta hizkuntza-maila hori eskatzen dituela.

Suhiltzaileen bost lanpostu hutsen inguruan, aretoak adierazi du horietako lauk Iruñeko parke zentralean izango dutela helmuga, Nafarroa osoan zerbitzua ematen duena, eta batek Oronozen (eremu euskaldunean).

Ahozko komunikazioa duen zerbitzua debez, euskaraz egitea erraztu behar zaie hala eskatzen duten biztanleei, auzitegiaren arabera. Magistratuek adierazi dutenez, ez dago frogarik plaza elebidunen hornidura hori gehiegizkoa denik adierazteko, plantilla organikoan 100 plaza baino gehiago jaso zirela kontuan hartuta

Era berean, Hezkuntza Saileko euskara-plazei dagokienez, epaileek nabarmendu dute hizkuntza-eskakizunen zehaztapena modu arrazoituan egin dela. Hala, agerian utzi dute eskaerari emandako erantzunean Hezkuntza Ikuskaritzako zuzendari nagusiak egindako txostena aurkeztu dela. Txosten horretan plaza berriak sortzeko beharrak eta horiek kuantifikatzeko modua jasotzen ziren.

Halaber, Administrazioko hainbat sailetako lanpostu elebidunei dagokienez, epaimahaiak berretsi du errekurritutako plaza guztiak txosten teknikoek justifikatzen dituztela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!