Irati Majuelok eta Alazne Untxalok irabazi dute 2019ko Bertsokabi Sariketa

Euskalerria Irratia 2019ko urr. 25a, 08:32

Iruñeko Alde Zaharreko Herriko Taberna bete egin zen, bertsolari gazte bikoteen lanetaz gozatzeko. Majuelok eta Untxalok jantzi zuten txapela. Haiekin batera Aitor Iratortza eta Xabat Illarregi eta Ekhiñe Zapiain eta Josu Sanjurjo aritu ziren aurrez aurre. Maialen Belarra izan zen gai jartzailea.

Ofizioka ariko ziren bertsolari guztiak, zortziko txikian zein hamarreko txikian, eta bakarkako lanerako zein puntukako saiorako aukera ere izanik. Kopletan ere aritu ziren bikoteak, eta denek izan zuten bertso jolas bat ere bai. Edozein modutan, ohiko saio eta saio informalaren arteko orekari eutsi nahi izan dio finalaren ariketa sortak.

Osotara, 16 eta 30 urte arteko hemezortzi bertsolari aritu dira sariketan zehar, bikoteka. Nafarroako bertsolari gazteei trebatzeko eta jendaurrean kantatzeko aukera emateaz gain, Iruñerriko publikoa –bereziki gazteak- bertsozaletzeko xedea du sariketak, bertsoa hiriburuko eremu informaletara eramanez. Era berean, egitasmo horren bitartez, Eugenio Arraiza (Iruñea, 1936-2015) zenaren figurari gorazarre egin nahi dio Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Ikertzaile eta eragile nekaezina, kulturgintzaren eta euskalgintzaren alor ugaritan aritu zen Arraiza; besteak beste, Nafarroako Bertsozale Elkartearen fundatzaile eta lehendakariordea izan zen urteetan.

Bigarren sariketa, txapeldun bila

2017an abiatu zuen Nafarroako Bertsozale Elkarteak Bertsokabi-Eugenio Arraiza Sariketa, Iruñeko Udalaren eta Euskokultur Fundazioaren laguntzarekin. Orduko arrakastak hauspotuta jokatzen ari da aurten sariketaren bigarren aldia, beste behin ere, Iruñeko lau gune informal bisitatuko dituena. Ordukoan Alazne Untxalo eta Egoitz Gorosterrazu bertsolariek jantzi zuten txapela.   
 
Sariketak akuilu dira herrialdeko bertsolari gazteentzat, haien bertsogintzan sakontzeko eta publiko aurrean trebatzeko aukera ematen dieten neurrian. Gerora Nafarroan plazarik plaza ibilitako bertsolari askok eman zituzten lehen urratsak gazteentzako bertso sariketetan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!