Navarra Sumak D ereduko ikastetxeetako zenbait liburu zentsuratu nahi ditu berriro

Euskalerria Irratia 2019ko urr. 23a, 13:48

  • Liburuek "curriculuma, Nafarroako errealitate instituzionala eta konstituzioan finkatutako balioak" betetzen ez dituztela argudiatu du eskuineko koalizioak.
  • Hezkuntza departamentuari eskatu diote D ereduan erabiltzen diren testuliburuen azterketa bat egin dezala.

 

Navarra Suma koalizioak jakinarazi du mozio bat erregistratu duela foru parlamentuan, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza departamentuari eskatzeko D ereduan erabiltzen diren testuliburuen azterketa bat egin dezala, egiaztatzeko ea horietan "curriculuma, Nafarroako errealitate instituzionala eta Konstituzioan finkatutako balioak betetzen dituzten".

Pedro Gonzalez parlamentarioak adierazi duenez, badakite gaur egun D ereduko "hainbat ikastetxetan" erabiltzen dituztela liburu horiek, eta, haien iritziz, Nafarroako errealitatea “desitxuratzen” dute.                     

UPNren gobernuak testuliburuei buruzko azterketa bat egin zuen 2009-2010 ikasturtean, eta, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren babesarekin, zenbait libururen erabilera debekatu zuten, Nafarroako curriculuma eta errealitate instituzionala betetzen ez zutelakoan. Salatu zutenez, horietan, Nafarroa Euskal Herriaren parte gisa agertzen zen, eta biztanleriaren piramideetan Euskal Herri osoko biztanleak sartzen zituzten, besteak beste. Zehazki, Ingurune, Gizarte zientziak eta Euskara ikasgaietako liburuak ziren, bost argitaletxerenak, eta D ereduko 31 ikastetxetan erabiltzen zituzten. Horiek dira Navarra Sumak orain zentsuratu nahi dituenak.

Baina, 2016an, lauko gobernuak UPNren aurreko jarduna eraginik gabe uzten zuen foru agindu bat onartu zuen, eta liburu horiek erabiltzea onetsi zuen. Orain, Navarra Sumak gobernu berriari galdetu dio ea aurreko gobernuak onartutako foru agindu hori baliogabetzeko asmorik duen, eta Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak ezetz erantzun dio, Pedro Gonzalezek azaldu duenez. Hori dela eta, haserre agertu da Gonzalez PSNren jarrerarekin, alderdi horrek aurreko legegintzaldian, oposizioan zenean, gobernuak hartutako erabakia kritikatu baitzuen.

Euskal Autonomia Erkidegoan ere Nafarroako errealitate instituzionala errespetatzen ez duten testuliburuak daudela ere esan du Navarra Sumako legebiltzarkideak, eta, beraz, Eusko Jaurlaritzari Nafarroako “nortasun eta errealitate instituzionalarekiko errespetua” exijitzeko eskatu dio foru gobernuari.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!